Autobusa antolatu da larunbateko euskararen aldeko jende katerako

Azpeitiko AEK eta EHE 2002ko mai. 8a, 17:05

AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Konfederazioa, Oinarriak eta Abokatu Euskaldunen Sindikatua erakundeek euskararen aldeko jende katea antolatu dute larunbat honetarako, euskarak bizi duen egoera zaila salatzeko. Azpeitian autobusa antolatu da hara joateko, eta 16:00etan abiatuko da, Etxe Zuri aurretik.

Euskara hiru administrazioren menpean dago gaur egun —EAEkoaren, Nafarrokoaren eta Ipar Euskal Herria kide den departamenduaren menpe—, guztira bost legedi ditu, eta euskara bere herrian —Euskal Herrian— ez da hizkuntza ofiziala. Eta, gainera, eraso handiak jasotzen ari da azkenaldian: AEKren kontrako neurri judizialak, euskarazko komunikabideen kriminalizazioa, euskal irakaskuntzaren aurkako erasoak... Hori guztia salatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko, ekimena egingo dute larunbat honetan Hendaian, Irunen eta Endarlatzan, hainbat euskara mugimenduk antolatuta; hain zuzen ere, "euskara bere menpe hartzen duten hiru administrazio horiek hortxe egiten dute bat", antolatzaileek esan duten bezala. Euskararen ofizialtasuna erein du leloa ekimenak.

Urolakoak Hendaiatik

Administrazio eredu bakoitzetik jende katea bana egingo da. Irungo azken errotondatik 17:30ean abiatuko da jende katea, Hendaiako tren geltokitik ordu berean (Urola bailarakoak hortik abiatuko dira) eta Endarlatzatik 16:30ean, eta hiru eremu haien tartean dagoen poligonoan egingo da gero ekitaldia ('euskararen haritza'-ren landaketa, bertsolariak, adierazpenaren irakurketa, kantaria, suziriak...).

Azpeitian autobusa egongo da hara joateko, eta 16:00etan aterako da, Etxe Zuri aurretik. Izen-ematea: Amaia, Urtzi eta Orkatz tabernatan, eta AEKren Mikelats Euskaltegian (943 15 10 89).

Azpeitian atxikimendu bila

Antolatzaileek ekitaldi honekiko ahal den atxikimendu gehien lortu nahi dituzte, eta Azpeitiko ikastetxeek, elkarteek, sindikatuek, alderdi politikoek eta abarrek atxikimendurik eman nahi badute, albiste honen ondoren dagoen erantzunen atalean eman bere babesa, elkartearen izena idatziz.