Udal aurrekontu propioa 16,9 milioi eurokoa da

Uztarria.eus 2002ko mai. 2a, 20:05

Gaur eguerdian, 13:00etan Sindikatu Zaharrean egin den udalbatzan onartu dira 2002 urterako udal aurrekontuak: udal aurrekontu propioa 16,9 milioi eurokoa da (2.822 milioi pezeta) eta udal aurrekontu osoa, berriz, 20,7 milioi eurokoa da (3.454 milioi pezeta). Udal aurrekontuak EAJ eta EA-ko ordezkarien onespenarekin erabaki dira. Udaleko Batasuneko ordezkariek ez dituzte onartu.

EAJko eta EAko zinegotzien onespenez erabaki zen eta Batasunekoek ezezko botoa eman zuten. Eduki eta diru aldetik ere aurreko aurrekontuen antzekoa da aurtengoa. Hain zuzen, aurtengo udal aurrekontu propioa 16,9 milioi eurokoa da (2.822 milioi pezeta) eta aurrekontu osoa —Azpeitia Lantzen S.A., Lapatx zabortegia S.A., Euskara Patronatoa, Kirol Patronatoa eta 4R Fundazioko aurrekontuak gehituta— 20,7 milioi eurokoa da (3.454 milioi pezeta). Udalean erabaki den aurrekontua udaleko EAJko eta EAko ordezkariek adostutakoa izan da.

Udaleko Batasuneko ordezkariek euren udal aurrekontuetarako proposamen bat aurkeztu zieten beste bi alderdiei, baina honek ez du aurrera egin. “Guk Udalean erabaki diren aurrekontuetan ez dugu ezertan parte hartu. Geuk alorrez alor proposamen batzuk egin ditugu, baina kuantifikatu gabe. Proposamen horiek teknikoek balora ditzatela eskatu dugu, besteen aurrekontuak egin ohi diren bezalaxe”, esan dute Batasuneko zinegotziek.

URTEROKOAK. Batasuneko proposamen batzuk urterokoak dira, “baina urtero erantzunik ez dutenak”, honakoak dira: 32 orduko lan astea udaletxean, goi karguen soldatak jaistea eta lan egutegia Euskal Herriko nazio ikuspegi bati egokitzea. “Lan astea murriztu eta ordu extrak kenduta, bederatzi lan postu sortuko lirateke”, diote Barne Batzordeari dagokion proposamenean. Euskara alorrean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian “euskalgintzaren eta gizarte eragileen parte hartze zuzena eta adostua eta Aholku Batzordearen eraketa zabala” proposatu dute Batasunekoek, baita Euskara Patronatoa euskalgintzari zabaltzea ere. Gizarte Zerbitzuetan proposamen ugari urteetan eskatzen ari direnetarikoak dira; horietako bat: “Soldata soziala, lanbide arteko gutxienekoa ziurtatzea, bai pentsiodunei eta bai langabetuei ere”. Kultura arloan berriz, besteak beste, Kulturako Aholku Batzorde bat osatzea proposatu dute Batasunekoek.

SAILETAKO EDO ERAKUNDEETAKO 2002KO UDAL AURREKONTUAK.

Ogasuna eta ondarea 1,4 milioi euro (243 milioi pezeta)

Hirigintza 5,7 milioi euro (963,6 milioi pezeta)

Hezkuntza 307 mila euro (51 milioi pezeta)

Kultura 498 mila euro (82,8 milioi pezeta)

Kirolak 557 mila euro (92,7 milioi pezeta)

Gizarte Zerbitzuak 831 mila euro (138 milioi pezeta)

Baserriak 304 mila euro (50,6 milioi pezeta)

Festak 444 mila euro (73,9 milioi pezeta)

Zerbitzu Orokorrak 5 milioi euro (887,8 milioi pezeta)

Goi-karguak 807 mila euro (134 milioi pezeta)

Merkataritza eta Turismoa 138 mila euro (23 milioi pezeta)

Gazteria 216 mila euro (36 milioi pezeta)

Ingurugiroa 267 mila euro (44,4 milioi pezeta)

Udal Kirol Patronatua 578 mila euro (96 milioi pezeta)

Euskara Patronatoa 429 mila euro (71 milioi pezeta)

Azpeitia Lantzen SA 2,8 milioi euro (478,3 milioi pezeta)

Lapatx Zabortegia SA 1,2 milioi euro (209,9 milioi pezeta)

4R Fundazioa 60 mila euro (10 milioi pezeta)

BATASUNAREN PROPOSAMENA OSO-OSORIK:

.2002. URTEKO AURREKONTUEN PROPOSAMENA

BARNE BATZORDEA

  • 32 orduko lan astea, enplegua sortu eta banatzeko, langabezia gutxitu eta aberastasuna banatzeko. (9 lanpostu berri sortuko lirateke).
  • Ordu estrak kendu, goi karguen soldata murriztea.
  • Lan egutegia Euskal Herriko nazio ikuspegi bati egokitua: Pilarika eta Konstituzio jaien ordez beste bi jai izendatu, San Juan eta San Frantzisko Xabier edo San Fermin egunak izan daitezke).
  • Kanposanturako langile bat hartu (bi langile behar dira gutxienez).
  • Ingurugiroaren teknikari bat hartu
  • Enpleguaren aldeko batzordea sortu, sindikatu, enpresa, Ezagutza Guneko eta udaleko hiru partiduetako kide banarekin

EUSKARA

  • EBPN Azpeitian. Euskara Biziberritzeko Plana Jaurlaritzarekin negoziatu ostean plangintza zehatz bati lotu beharko zaio. Euskalgintzaren eta gizarte eragileen parte hartze zuzena eta adostua eta Aholku Batzordeen eraketa zabala bermatzea ikusten dugu arrakastaren giltza.
  • Euskara Patronatoaren zabaltzea eta behar besteko baliabidez hornitzea. Euskara Patronatoa euskalgintzari zabaldu beharra ikusten dugu. Udal Euskaltegiak egoitza finko eta egoki baten beharra du, etengabeko behin behinekotasunari behin betiko konponbidea bilatzea premiazko eginkizuna ikusten dugu.
  • ‘Baite’ Azpeitiko euskara elkartearekin akordioa burutzea.
  • Azpeitian euskara ikasten ari direnentzat laguntza politika bateratzea (berdintasun irizpideak erabiliz).
  • Azpeitiko udala UEMAn sartzea.
  • Zinema komertziala euskaraz emateko plangintza lantzea.
  • Euskararen aldeko ekimenei laguntzak: Kontseilua, Kilometroak, Oinez, Ibilaldia, Herri Urrats, Araba Euskaraz, Irratiak…

KULTURA

Azpeitiko Batasunak kulturaren alorrean 2002ko aurrekontuek jaso beharreko egitasmoak eta lan metodologia azpimarratu nahi ditu. Gure ustez urteari begira lehentasunek nondik nora jo behar luketen zehaztu nahi izan dugu hemen aurrena. Hurrengo urratsa litzateke hori eurotara ekartzea. Horregatik gure proposamena lehentasunen zerrenda da beste ezer baino gehiago, aurrekontuek aintzakotzat hartu beharreko alderdien azalpena.

  • Azpeitiko Kulturako Aholku Batzordea (AKAB) eratu. Udalaren aginduz, Azpeitiko Kultur premia eta azpiegiturei buruz IKEIk egin duen azterketa abiapuntu hartuta, esan daiteke Azpeitiko kulturaren diagnostikoa egitean hainbat ezaugarri nabarmen ageri direla.

Alderdi positiboen artean, galdetutako talde zein giza banakoek Azpeitiko herriaren dinamikotasuna azpimarratzen dute eta, ñabardura batzuekin bada ere, kultur eskaintza zabala dela urtean zehar ematen dena.

Hobetzeko dauden alderdiei begira, berriz, edo gabezien atalean, nahiago bada, garbi ageri direnetako batzuk honokoak dira:

*Udala eta kultur taldeen arteko hartu emana oso mugatua da: diru laguntzak eta lokalak besterik ez ia.

*Kultur Etxearena da azpiegitura aldetik eskaerarik indartsuena askogatik.

*Taldeek ez dute urteko kultur programazioan parte hartzeko aukerarik, udalak gehiegizko protagonismoa du.

*Ospakizun handietan xahutzen da diru gehien eta, gainera, kultur programazioa berdintsua da urtero.

*Aniztasun gutxiko kultur eskaintzan egiten da udaletik.

*Taldeen dinamismoa oso pertsona gutxiren lanean oinarritzen da: parte hartze kaskarra.

  • Kultur ekitaldietara jende gutxi samar joaten da.

Kulturaren Aholku Batzorde batek izaera zabala eta egituratze formala bermatu beharko lituzke. Udalarekin lankidetzan jardungo duen erakunde kontsultiboa da, udalak ere, noski, bertan ordezkaritza izaki.

Aspalditik, kultur sortzaile eta eragileek batetik, eta udalak, bestetik, bizi izan duten elkarrenganako urruntasuna eta mendekotasuna arintzeko aukera integratzailea izan daitekeelakoan gaude.

Gure behin behineko prozedura proposamena hau da: Udaleko kultura batzordeak dei zabala egiten die kultur taldeei, eragileei eta sortzaileei, udalak kultura batzordean aurrez adostutako asmoen berri emateko. Udalak ahalegina berezia egingo luke parte hartzea bermatzeko konbite zuzenen bitartez.

Udaleko ordezkariez gain (hiru alderdietako ordezkaria(k) eta kultur teknikaria) ordezkatuta egon behar lukete, bai herriko komunikabide nagusiek (Loiolako Herri Irratia, Kaito Telebista, Uztarria, Azpeitian Zer?…), bai kultur taldeek eta eragileek (alor desberdinetako taldeak, kultur elkarteak…), eta, baita ere, kultur ikuspegi zabal batetik zeresan berezia izan dezaketen gizabanakoak (sortzaileak, kultur sustatzaileak…)

Kulturako Aholku Batzorde horrek urteko kultur programazioa koordinatuko du, eta udalari premiak eta lehentasunak proposatuko dizkio. Helburua da, aztertzen diren gaiek adostasun zabala bat lor dezaten da, gero, adostasun horren aurretiazko babesarekin Udaleko Kultura Batzordeak bere erabakiak har ditzan.

Bide horretatik herritarren pàrte hartze zuzenagoa ziurtatzen da, azpeitiarrek kultur ekitaldien programazioan euren iritziak kontutan hartzeko aukera handiagoa izango dute, eta kultur ekimen desberdinetan gaur arte baino nabariago agertuko dute bere inplikazioa azpeitiarrek. Udalak, bere aldetik, onarpen sozial zabalagoa jasoko du bere kultur kudeaketan.

Hurrengo urrats moduan, Batzordearen osaketa zehatza definitzea eta adostea dator. Bigarren bilera horretara parte hartzaile bakoitzak bere ekarpenak egingo lituzke eta hortik etorriko litzateke adostutako egituraketa finkoa eta bileren maiztasuna.

  • Kultur Etxea abian jarri, kudeaketa eredu demokratiko eta parte hartzailea jarraituz.
  • 2010-2011ko herria sortu zeneko 700 urteurreneko ospakizunak antolatzeko batzorderako oinarriak ezarri.
  • ‘Azpeitia mende bati begira’ egitasmoa burutu. (argazki erakusketa eta katalogo argitalpen egitasmoa). Helburua XX. Mendeko Azpeitiaren testigantza grafikoa biltzea eta erakustea da. Proposatzen dena argazki erakusketa zabala da batetik, eta ahalegin horren pareko izan nahi lukeen katalogo zaindu bat argitara ematea. Postalak argitaratzeko aukera ere ez da guztiz baztergarria.

Aragazki erakusketaren osagarri filme zaharren bat/ batzuren emanaldia ere izan daiteke. Mendearen fonoteka biltzen hasteko aitzakia polita izan daiteke.

Ardura Argazki Elkartearen esku izan daiteke, hark udalarekin batera izendatuko duen komisario baten menpe alegia. Horretarako konbenioaren formula edota beka-ehiaketarena balia daiteke.

Erakusketa non egingo den ikusteko dago, nahiz eta espazio aldetik leku handi samarra beharko dela nabarmena izan. Laguntzarik jasoko balitz (Udalbiltzatik, Foru Aldunditik, Jaurlaritzatik; Nafarroako Gobernutik, Eudeletik, Europar Batasunetik, Espainiako Gobernutik…) ibiltari izatea ere badauka.

  • Azpeitiko Antzerki Topaketak Biziberritu. Azpeitiak indartu beharra dauka euskal antzerkiaren erakuslehio moduan duen erreferentzialtasuna. Hori on litzateke Azpeitiko herriarentzat eta euskal antzerkiarentzat ere bai. Gainera, gure ustez, topaketak, nolabait, urte osoko jarduna izatera, eta gizartean areago txertatzera jo behar lukete Azpeitiko udalaren ahaleginek. Herrigintzak ezin du legealdi bateko eremu motzari begira jokatu, epe ertain eta luzera begiratu behar da herriak uzta oparoagoak jaso ditzan biharko egunean.

Topaketek irabazia duten arrakasta baliatzen asmatuz gero, ohiartzuna areagotu eta etekin sakonagoa litzateke.

Mikel Martinezekin hartu emanak landu behar lituzke Topaketak bere web-aren osagarri edo lankide izan dadin topaketetakoa (oraindik egiteke dagoena bestalde).

Ildo beretsutik, ohiartzun eta hedapen bila, topaketek stand bat behar lukete Durangoko Azokan.

Antzerki amateurrak laguntza handiagoa beharko luke, diru gehiago eta arreta handiagoa. Urte osoan Topaketak prresentzia minimoa izan behar du, urtean barrena hiru-lau lan, amateurra ahal dela, programatuz bai herri erdian eta bereziki auzoetan. Azpeitiko Antzerki Topaketen marka zirkuitatzen hasteko abiaburua izan daiteke.

Euskal Antzerkia bere zabalean hartuko lukeen gogoeta gune ere izan behar du Azpeitiak. Ez da preziso topaketek batera etortzea denboran. Zergatik ez udako topaketa eta kongresu leku bilakatu gure herria: ikastaroak, mintegiak, tailerrak… Euskal Herriak ez duen Arte Eszenikoen udako unibertsitatea era liteke gurean (errazena, agian, UEUrekin lankidetzan jardutea litzateke). Arte eszenikoak bere zabalean (dekorazioak, janzkerak, makillajea, interpretazioa, gidoigintza…) ikasketa arautuiekin lotzeko ahaleginen bat egitea ere ez litzateke alferrikakoa izango behar bada, aztertzeko gai izan behar luke gutxienez.

Iraurgi Lantzenentzat LKS etxea diseinatzen ari den Ezagutza Guneak aukera hori sartu behar luke bere agendan. ‘Euskal Iztundea’ edo deklamazio eskola eta ‘Antzerti’ eskola historikoaren hazia edo beste hazi berri bat gurean txertatzeko aukera ederra ematen du. Moduloak eratzeko aukera zabala eskaintzen du egungo sistemak itxura batera.

Taldeen eskaera bati erantzungo lioke antzerki lanak edo gidoiak egiteko bekak ematea (beti ere lehiaketak baino irtenbide duinagoa ematen du egileentzat).

Bestalde, eta irratiz nahiz antzokian egiten diren lehiaketa-antzerki emanaldiei ezer kendu gabe, antzerkia eta bailarako eskolen arteko lotura estutzeko saioa ere egiteko dago: interpretazioa eta gidoigintza lantzeko unitate didaktikoak eskainiz topaketek adibidez, edota ikastaroak…

Eremu urriko hizkuntzetan egindako antzerkiaren eskaparatea zabaldu behar lukete topaketek. Presentzia apala izan daiteke aurrena (lan bat edo bi; hasieran errazera jo: Galizia, Kataluña, Okzitania, Erromintxela…), baina bermatu beharrekoa da.

Finantzabide berriak bilatzen ere ahalegina egin daiteke: Europa (hizkuntza gutxituen kasuan), EITBrekin konbenio berezirik ezin al da egin (‘Algara’ programaren antzeko produkzio xumeago bati ekiteko adibidez)?

Goian aipatutako web orriaz gainera, Azpeitiak eratu behar ote luke Euskal Herriko Antzerkiaren Dokumentazio Zentroa. Eraikin falta ez da arazo luzera begira. Gure ondare industrialak eman liezgauke irtenbidea alde horretatik (utzitako fabrikaren bat ezin egokiago dirudi gisako lan baterako).

  • Taldeei laguntzak. Herriko taldeei ematen zaizkien laguntzetarako dirutza premiak aztertu ostean erabaki eta ez orainarte bezala, diru poltsa bat erabaki aurrena eta ondoren laguntzak banatu.
  • ‘Musika ikastetxeetan eta auzoetan’ programa jarri martxan. Propsatzen dena zera da: herrian ditugun musika eskaintza eta baliabide anitzak ikastetxeetara bideratzea. Zirkuitazioa plana da egin behar dena. Aurrena inbentariatu errekurtsoak eta interesatuekin baldintzak adostuz gero programa martxan jarri. Musika –eskola dela, banda dela, koruak direla, gitarrista taldea deala, txistulariak direla, rock taldeak direla, trikitilariak direla… gure herrian ikaragarrizko aberastasuna dago alderdi horretatik begiratuta, eta zoritxarrez eskola mundua urrun samar geratzen da aberastasun horrekin kutsatzetik. Ahalik eta eskaintza zabalena eginez, ikasturtero hainbat ekitaldietako eskaintza (estilo eta ezaugarri anitzeko paketeak) luza dakioke ikastetxe bakoitzari.

Herriko banda auzoetan: Programa honen asmoa dauzkagun baliabideak ahalik eta herritar gehiengana helaraztea litzateke. Bandaren lana herrian gehiago publizitatzeaz batera kontzertuak zabaldu behar dira Sanjuandegira, Loiolara, Landetara, Urrestillara, Nuarbera, Matxinbentara, Lasaora, Elosiagara, Aratz Errekara. Egokia litzateke auzoetako festekin batera jartzea kontzertua, baina hori gabe ere handia litzateke auzoentzako esakintza kulturalaren hobekuntza. Eguraldia edo urte sasoia lagun ez denean elizek bete dezakete kontzertu areto lana gehienetan.

  • Soreasu antzokiaren berritze lanak.
  • Uztarriarekin hitzarmena eta laguntza.
  • Udal Liburutegia: Herriko liburuzainaren txosten teknikoa aintzakotzat hartuta aurrekontu propioan (liburutarako) 15.025,31 euroko dirutza aurreikusi; horrez gainera kontutan hartu aipatutako txosten tekniko horretan ematen diren aholkuak eta egiten diren eskaerak ‘Zerbitzuak’, ‘Pertsonalaren antolaketa’, ‘Informazio integralaren gunea’ eta gainerako ataletan. Liburuen ‘espurgoari’ gagozkiola, irtenbidea izan daiteke auzoetako irakurketa gelak zabaltzea eta ‘liburu gainzama’ hori auzoetako irakurketa gelak eta Herriko Liburutegiaren artean banatuta arinduko litzateke.
  • Musikaren Etxea diseinatzeko partida. Azpeitiak eraikin edo, gutxienik erakunde edo patronato batean bilduak behar lituzke musika eta folklore jardunak: Musika Eskola dela, Musika Bnada, Txistulariak, Itsasi…
  • Gernikako Arbolari omenaldia: Euskal Herriaren Eguna. Hazparnerekin senidetasun harremanak hoztuta dauden honetan berriro ere susperraldi bat ondo hartuko lukete. Gernikako Arbolak 2004. Urtean ehun urte beteko ditu eta festa giroan gure kultura nazionalari arrapizte bat emateko abagune egokia izan daiteke (hitzaldiak, bertso saioa, musika…)
  • Udalaren argitalpen politikaren planifikazioa. Kultura da argitalpen politikaren gune natural nagusia (ez bakarra haatik) eta herriko premiei erantzuten saiatu behar du.
  • Nuarbeko kultur gune-txokoa eratu.
  • Azpeitian arte plastikoak sustatzeko premien azterketa.
  • ‘Azpeitiko kulturen arragoa’ eratzea. Azpeitian gero eta jatorri anitzagoko etorkinak ditugu, ezin diogu denbora gehiagoz ezikusia egin egitate horri. Bulego bat eratzea proposatzen dugu gure herrira datozenen jatorria ezagutzeko batetik, eta kultura desberdinak aitortu, babestu eta herri mailan zabaltzeko.

BASERRIA

  • Nekazal sektorea suspertzeko eta babesteko Plan Estrategikoa burutu.
  • Baserriak berreraikitzeko laguntzak.
  • Bertako baserritarren produktuen salmentarako postu finko bat jarri udal lokaletan (Berdura plazan) egun guzian zehar.
  • Bertako produktuen promoziorako kanpainak eta azoka bereziak antolatu.
  • Baserrietatik kalerako eta kaletik baserrietarako garraio publikoen antolaketa abian jarri.
  • Herri baratzen eskuraketa, ikastetxe, jubilatu edo talde antolatuen eskura ezartzeko.
  • Baserriak birpopulatzeko laguntza bereziak eman gazteei.
  • Zaborrak, beira eta paperentzako edukiontziak edo kontenedoreak jarri falta diren lekuetan.
  • Posta zerbitzua hobetu.
  • Auzoetako garraioa egokitu.
  • Baserritarrekin adostuta, mendi lurrak erosteko laguntzak eman.

HEZKUNTZA

  • Material didaktikoa sortzeko bekak. Gure herriak aukera handiak ditu alor desberdinetan materialak bildu, egituratu eta irakaskuntzarako egokitzeko. Dela natur baliabideetan, dela ekonomiaren ezaugarrietan, dela gure historian, gure literaturan eta hizkuntzan, aberastasun handia daukagu, esparru oso zabala jorratzeko, eta hezkuntzak baliatu beharra du hori.
  • ‘Antzerkia eskolan’ ekimena. Azpeitiko udalak antzerkigintza sustatuko du eskoletan. Batetik gidoi eta lan laburren lehiaketa baten bidez (gero hezkuntza ziklo desberdinetarako egokitzea bilatuko da), eta bestetik materialetarako, ikastarotarako laguntza emanez. Udalak argitaratuko ditu gidoiak, sail dotore baina arin eta ez garesti bat osatuz (argitaletxeren batekin behar bada).
  • Iraurgi Lantzenentzako LKS diseinatu duen ‘Ezagutza Gunea’ herritarren artean ezagutarazteko eta parte hartzea bideratzeko plaza. Azkoiti-Azpeitiko hezkuntza mapa erabakiko da gune horretan, besteak beste, eta herritarrak ongi informatzeko kanpaina burutu behar da. Enpresen eta hezkuntzaren arteko loturak estutu nahi dira, irizpide ekonomikoak oso garrantzitsuak izanik ere gure herriaren garapenerako, ezin dira bazterrera utzi hezkuntzak landu behar dituen baloreak: garapen integrala, hezkidetza, lan kooperatiboa, anizkoitasuna. Pertsonaren garapena eta integrazioa du lehen helburu hezkuntzak, eta printzipio nagusi horiek txertatuta egon behar dute beti egitasmo berri orotan. ‘Ezagutza Gunea’k salbuespenik gabe koordinatu behar ditu Azkoiti-Azpeitiko ikastetxe guztiak. ‘Ezagutza Gunea’k dinamizatu eta bizkortu nahi dituen sektoreetako agente desberdinen parte hartzea beramatu behar du: ikasleak, langileak, sindikatuak…
  • Azpeitian ikasten ari direnentzat garraio laguntza.

GIZARTE ZERBITZUAK

  • Soldata soziala, lanbide arteko gutxienekoa ziurtatu, bai pentsiodunei eta bai langabezian daudenei.
  • Langabezian daudenentzako formakuntza ikastaroak.
  • Langabezi luzean daudenei aurre egiteko plana.
  • Etxebizitza poltsa bat emergentzietarako.
  • Etxebizitza poltsa bat elbarrituentzat.
  • Etorkinei laguntzak.
  • Aurrekontuen 0,7 herriei garapenean laguntzeko.
  • Urrestillan mediku kontsultarako lokala eta gestioa bideratu.
  • Zaharrentzako lokala Urrestillan.
  • Zaharren egoitzarako dinamizatzaile bat.
  • Emakumeen Ekintza positiboko plana martxan jarri.
  • Izarraizpeko Sorginentzako laguntza.
  • Haurtzaindegi zerbitzua eskaintzen duten enpresei laguntza, herritar guztientzat berdintasun irizpideak ezarriz.

INGURUGIROA

  • Ingurugiro teknikaria hartu.
  • Antenei buruzko ordenantza jarri
  • Zaratari buruzko ordenantza eta neurri zuzentzaileak indarrean jarri.
  • Azpeitia eta inguruko herriekin lotzeko bidegorri proiekturako konkurtso irekia.
  • Oinezkoen bideak egokitzeko azterketa proiektu bat egin.
  • Autoaren erabilera murrizteko kanpaina.
  • Autobus zerbitzuen azterketa eta zerbitzu berrietarako proiektua.
  • Erreserba guneen katalogazio eta lurren erosketa.
  • Diagnostikoaren araberako ingurugiroko akzio plana martxan jartzea, lehentasunak ezarriaz.
  • Zabortegien eta bere lixibatuen azterketa eta kontrola.
  • Altzairu hautsen isurketak kontrolatzeko aparailuen ezarpena eta jarraipena.
  • Lurzoru urbanoen garbiketa murrizketa eta gutxiago zikintzeko kanpaina.
  • Ibai ertzen babeserako plana.
  • Herriko beste ingurugiro jarduerei laguntzak (Zuhaitz landaketa, Erkaxo taldea…).
  • Harrobien egoeraren azterketa eta jarraipena.
  • Ibairako isurketen jarraipena, arrain hilik agertu ez arren.

KIROLAK

  • Herriko Kirol taldeei ematen zaizkien dirulaguntzen birplanteaketa 8guar egun desorreka handiz banatzen dira laguntza horiek).
  • Gure lurraldeari dagozkion kirol moten suspertzea (Herri kirolak, pilota, mendizaletasuna…)
  • Kirol instalakuntzen erabilera eta ordaina birplanteatzea era orekatuago batean.
  • Izarraitz Pilotalekuan esku eta herramienta partiduak ugaritzea nhaiz eta egungoak baino maila apalagokoak izan.
  • Xoxoteko aterbea egokitzeko dirulaguntza eta bitarteko teknikoak ematea Lagun Onak M.B.ri.
  • Egun Izarraitz Pilotalekuan ospatzen diren partiduen azterketa oso bat, bai sortzen duen gastuarena, bai lagapen sistemarena.
  • Kirol hitzaldiak honako gaietaz: Lehiakortasuna eta lankidetza haur eta helduen kirolen artean, Kirola lehia eta jolasa, gehiegizko kirola egiteak ekar ditzakeen osasun arazoak, tekika hobekuntzak…
  • Urteko dirulaguntzak kirolarientzat.

FESTAK

  • Txosnetarako dirulaguntza festa herrikoien alde (15.000 euro).
  • Gau dantzatoki baterako lokala eskuratzea eta martxan jartzea.
  • Jaibusak ezagutaraztea eta eskaintza zabaltzea. Asteburuetan eta inguruko herrietan festak direnean edo urtero bestelako festa handiak direnean (San Fermin; AEKeguna…) udalak autobus zerbitzua eskaini behar die, herritarrei. Asteburuetako gzateen joerak-eta ezagutzeko inkesta egin beharko luke udalak.
  • Nazio bat gara. Azpeitia ere Euskal Herriko herri bat da. Gure herriko festa guzti-guztietan izaera herritarra eta euskal herritarra ageri behar du. Herritarren parte hartzea indartzeko bideak aztertu behar dira (bereziki Saninaziotan eta San Senbastianetan), eta inoiz Azpeitia Euskal Herriko parte izatearen zentzua alde batera utzi gabe tajutu urteko festa egitarauak.
  • Azpeitiko Kulturen festa. Gure herrian bizi den jendearen jatorria gero eta askotarikoagoa da. Ederra litzateke egun bat antolatzea urtean gure herrira biltzen ari den kultur aberastasunaren erakusgarri. Batzorde bat osatuko litzateke eta egun horretan txosna eta tabernek eskaintza bereziak egingo lituzkete bai jatekotan eta bai edaritan. Gainera jaialdi baten bidez musika, dantza eta kirol adierazpen desberdinak erakutsiko lirateke.
  • Euskal Herriaren Eguna. Kulturako aurrekontu proposamenean aipatzen dugun bezala, Hazparnerekin adiskidetasun eguna berpiztu beharra dago eta festa egun eder bat antolatu.
  • Auzoetako festetarako laguntzak eman.
  • San Juan gaueko festa suspertu. San Juan gaueko suak eta festa diroa indartu beharra dago. Musika eskaintza egin behar du udalak, san Juan bezperako gauak erromeri giroa izan dezan.
  • San Sebastian bezperako danborradaren egituratze berria. Nahi duten herritar talde guztiei bermatu behar zaie san Sebastian bezperako danborradan irteteko aukera. Araudia burutu behar dugu berandu baino lehen, eta, ondoren, araudi horren arabera nahi duten guztiei festan parte hartze zuzena ahalbidetu.
  • Zezen Plaza Saninaziotarako zezenketetarako uztea. Udaletxeak bere instalazioen erabileran gardentasuna eta berdintasun irizpidea bermatu behar ditu. Saninaziotako zezenketetarako zezen plaza nori eta nola utzi lehiaketa publiko bidez erabaki behar da.

HIRIGINTZA

  • Etxebizitzak: aurrekontuen %5.
  • Nuarbeko Frontoia (240.000 euro)
  • Nuarbeko umeen parkea (36.000 euro).
  • Alde Zaharraren biziberritze plana egin.
  • Etxe zaharrak berritzeko dirulaguntza plan ezarri.
  • Auzoetako urbanizazioen berritzea: Garmendi, Santutxo, Arana Goikoa…
  • Etxe hutsen errolda egin.
  • Etxe eskaeraren eta premien azterketa burutu.
  • Etxe hutsak betetzen joateko laguntza politika diseinatu,
  • Babes ofizialeko etxebizitzak.
  • Sanjuandegi eta Garmendiko errotonda eta oinezkoentzako pasabideak egokitzea.
  • Oinezkoen bideen egokitzeak: Landetako zubia, Garmendi eta Landeta arteko lotura, Amuko zubia eta Landeta.
  • Bidegorri sare baten azterketa, Azkoitia-Azpeitia-Landeta-Lasao-Urrestilla lotuaz.
  • Herri barruko autobus zerbitzu berriak ezartzea: Azkoitia-Azpeitia-Auzoak (Urrestilla-Nuarbe-Matxinbenta) poligono industrialak (Landeta Lasao), baserriak eskolekin.
  • Alde Zaharreko plan estrategikoa egitea (180.000 euro)
  • Aparkalekuak: Zelailuze eta Betharrandarretan.
  • Ideia lehiaketa antolamendu urbanistikorako (60.000 euro).
  • Kanposantuan kaseta bat eta komunak langileentzat.

GAZTEAK

  • Gazte gunea martxan jarri 17 urtetik gorakoentzat.
  • Gazteen plangintza egin.
  • Gazteen lanbideratzea errazteko programa.
  • Etxebizitza eskurapenerako laguntzak.
  • Drogaren askapen kanpaina eta informazioa.
  • Gazteen jarduera orokorren gaineko laguntzak (aisialdia, kirola, kultura…)
  • Ikasteko laguntzak.
  • Gazte taldeei laguntzak.

OGASUNA

  • Lanpostu berri finkoak sortzeko politika.
  • Zerga hobariak politika soziala bultzatzen duten enpresentzat.
  • Tasa zerga eta prezio publikoen birmoldaketa azterketa, irizpide sozialagoak lehenetsiz.
  • Uraren tasaren azterketa, beste tasa eta zergen birmoldaketa eta birbanaketa.
  • Enparantza Nagusian eta Alde Zaharrean bizi direnak autoa uzteko plaza izatea.

MERKATARITZA ETA TURISMOA

  • Turismo bulegoa.
  • Zirkuti turistikoak antolatu.
  • Mendi bideen herriko gida egin oinezkoentzat, bizikletazkoentzat…
  • Herrian dauden baliabide turistikoei laguntzak ematea.
  • Nuarbeko sarreran dagoen enpresa zaharra erosi eta otarragintzari eta sokatirari buruzko museoa egokitzea bertan.
  • Herrian dagoen ondarea (errota, Amuko Zubia, pelotalekuko Alberka eta abar) katalogatzeko eta eraberritzeko plana martxan jarri.
  • Herrian alpargata egiteari buruzko historia museo txiki bat eratzea.
  • Zestoarekin akordio bat lortu Ekaingo erreplikara bisitak antolatzeko.
  • Herriko merkataritza garatzeko programak lagundu.

PRESOAK ETA ERREPRESALIATUAK

  • Herriko Preso eta errefuxiatuen egoerari jarraipena emateko komisioa sortzea.
  • Diru laguntzak: preso bakoitzaren familiari hilean 300 euroko laguntza.
  • Errefuxiatuen familiei urtean bisita bat egiteko dirulaguntza.
  • Udaletxeko hautetsien bisita herriko presoei.
  • Herri mailako argitalpenak helaraztea.

UDALBILTZA

  • Udalbiltzari aurrekontuen %0,1 bere gastuetarako.
  • Udalbiltzari aurrekontuen %0,9 Euskal Herriko proiektuak laguntzeko.