Giro paregabea Nuarbetarren Egunean

Uztarria 2002ko api. 29a, 19:04
Nuarbe Sokatira Taldeak museo berria inauguratu zuen

Igandean egin zen Nuarbe Sokatira Taldearen 25. urteurrena ospatzeko antolatu zuten Nuarbetarren Eguna. Ekitaldi guztien artean, bi izan ziren bereziki aipagarrienak; museo berriaren inaugurazioa eta eguerdian egin zen herri bazkari jendetsua.

Egun osoan zehar ekitaldi ugari egin ziren Nuarben. Eguna argitu orduko, jendeak gogor ekin zion lanari, dena pentsatu bezala atera ahal izateko. Goizean, otargileen erakusketa egon zen herriko txoko desberdinetan. Eguerdi aldean, Nuarbe Sokatira Taldearen museo berria inauguratu zen. Museoan, sokatira taldeak lortutako txapel, domina eta hainbat argazki ikusteko aukera paregabea dago. Ondoren, ekitaldi jendetsuena izan zen herri bazkaria, 400 pertsona gerturatu baitziren bertara. Arratsaldea girotzeko, antzerkia eta trikitilariak izan ziren.

Bertso-sorta

Laxaro Azkunek bertsoak ere prestatu zituen Nuarbetarren Egunerako. Hona hemen sorta, oso-osorik:

Nuarbeko Sokatira Taldeak 25 urte (2002-04-28) *
Doinua: Esne saltzailearena

Nuarben ez da falta
sastraka nahiz garo, (bis)
gaztaina ta haritza,
lizar ta pago.
baserri lanerako
lur onik ez dago
hargatik zesteroa
izan da oparo,
etxe baten bestean
baino abilago. (bis)

Gauza sakratua da
lur honetan kirola. (bis)
Erreka honek badu
horretan odola.
Jakina da aizkoran
izan den ezkola,
harri jasotzaileak
ez ahaztu inola,
baina sokak sorgindu
ta gainera nola! (bis)

Soka erabili da
Baserri etxetan, (bis)
astoan kartoletan
ta soka dantzetan,
belar kargak lotzeko
edo ta galtzetan.
Nahiz den erabilia
hainbat ekintzetan,
lehenengo sokatirak
txahal jaiotzetan (bis)

Hogeita bost urtetan
zenbat atzamarka! (bis)
Kangrejuen antzera
tirriki-tarraka.
Aurrera inork nahi ez
denak atzeraka.
Hauxe degu Nuarbek
egin duen marka:
guztiei aurre hartu
atzera tiraka. (bis)

Mundua korrituak
batetik bestera (bis)
urtero joan dira
bazterren batera.
Nola ote da hauen
hango ibilera?
Nahiz etxera etorri
txintxoen antzera,
beti ez dira joango
apaizen etxera. (bis)

Auzo txiki batentzat
hauek dira sonak. (bis)
Urre gorria dira
hemengo pertsonak.
Gutxi dirala baina
beraiek bai onak!
Jakin beza oraintxe
horren zai dagonak:
Nuarben jaio dira
holako gizonak (bis)

Nahiz ta mutilak diran
hemen omenduak, (bis)
ama, andre ta neskak
ezin ahaztuak.
Beti ezkutuan ta
lanari lotuak,
hauen janari edo
erropa kontuak.
Andreei esker dira
hauen merituak. (bis)

Bai Euskarari baten
bideari ekin, (bis)
geroztik joan dira
hamaika ahalegin.
Sokak ez eman arren
hainbeste etekin
giro hau ez da lortzen
inori diruakin.
Beste hainbeste urte
segi sokarekin,
zuek gurekin eta
gu denok zuekin.