“Azpeitiko Gazteentzako Guneak” udal gobernuaren txostenari Batasunaren erantzuna

Azpeitiko Batasuna | Iritzia
2002ko api. 8a, 21:04

Azpeitiko udalak herritarron buzoietan aldizkari itxurako txosten dotorea sartu digu, Azpeitiko Gazteentzako Guneak izenburuarekin. Publikazio horrekin aurpegira barre egin digu berriro alkateak. Zergatik sartu ote zaio orain bapatean herritarrei informazio hori zabaltzeko premia larria? Ez ote dago informazioa ematea beste asmorik testu horretan? Bai horixe! Guk hala uste dugu behintzat.

Herriko gazte askok gazte lokalen aldeko borroka luze eta gogorra darama. Denok dakigun bezala konpondu gabeko arazo horrek garai gorabeheratsuak bizi ditu azken boladan. Karnabaletako istiluak tarteko, auzi bat baino gehiago epai bidean da juzgaduetan.

Eta giro horretan, hain zuzen, agertu da txosten hori. Alkateak eta bere gobernuak (EAJ-EA) azpeitiarren iritzia bereganatu nahiz martxan jarritako kanpaina besterik ez da.

Baina Azpeitiko Udala diogunean, zer ulertzen du azpeitiarrak? Alkatearen kontua dela, EAJ eta EAko udal taldeena, edota udala osatzen duten talde guztiena?

Azpeitiko Gazteentzako Gunea Batasuneko zinegotzien ezjakinean eman da argitara. Publikazio hori kalera ateratzea ez da ez Gazte Batzordean, ez beste inolako udal batzordetan erabaki. Ez dakigu herritarroi zenbat kostatu zaigun. Ez dakigu zer irizpide erabili diren hori erabakitzeko eta ez dakigu zergatik eman zaion txostena egiteko lana enpresa jakin bati. Bastidak barre egiten digu aurpegira behin eta berriz, udaletxea bere etxeko baratza balu bezala erabiltzen du.

Txostenak esaten du Azpeitiko gazteak zenbat zerbitzu eta instalazio dituen eskura. Zer suerte handia duen azpeitiarra izanda, inor gutxiri bezalako aukerak ematen baitizkio udalak gure gazteari. Ondoren, eta era nahiko lotsagarrian, herrian diren alor askotako aisialdiko eta kultura aukerak aletzen zaizkigu, sakoneko auzia propio ezkutatuz. Gure ustez gakoa hemen dago: gazteek beraien denbora, baliabideak eta kreatibitatea beraiek gestionatu nahi dute. Baina txostenak ez dio inondik ere gaiari heltzen. Eta horixe da, behin eta berriz, Azpeitiko gazteei ukatu zaiena: gazteek beraiek gestionatuko dituzten lokalak. Agerkari horretan aipatzen direnen artean, berariaz gazteek erabiltzeko diren instalazioak ludoteka (6-12 urte) eta zapo-txokoa (13-17 urte) dira, baina ez gainerakoak. Hamazazpi urtetik gorako gazteek zer? Ez al dute merezi lokal bat izatea? Hortik gora txosten hori burla bat da. Alkateak zabaldu nahi duen mezua honakoa edo da: “Baina gazte hauek zer nahi duten ba al dakite? Denetik daukate eta!”

Diktadoreek bere berea duten eskola darabil Bastidak, gezur estaliekin herritarrak nahastu nahian, diru publikoak bere intereserako propaganda egiteko esku beteka erabiliz. Hitzean eta hortzean erabili dute duela gutxi bai EAJk eta bai EAk auziak elkarrizketa bidez konpontzearen alde daudela, baina ez daude pausorik txikiena ere emateko. Gainera, horixe esaten duten bitartean Bastidak epai bidean ditu zortzi azpeitiar.

Gazteek beraiek kudeatutako lokalak eskatzen dituzte eta Bastidak erantzuten die igerileku dotorea daukatela, Xoxoteko aterpea aurki izango dela martxan eta internet ikastaroak ere oso baliagarri direla gaur egungo gazte batentzat. Horri, adarra jotzea esaten zaio gure herrian. Azpeitiko gobernua arduragabe baten esku dago. Arazo bat sortzen denean arrazoiak aztertu ondoren irtenbideak bilatzen ahalegindu beharra dago. Gazte lokalen auzia mahai gainean dago, eta ezer ez da konponduko beste aldera begitatuta, gure gazteen eskaerak, batzuen kapritxoa bezala azalduta auzia gaiztotu besterik ez da egingo. Udaleko Gazte Batzordeak elkarrizketa prozesua bideratu behar du berehala. Egoera negargarri honi konponbidea jarri behar diogu guztion artean.

GAZTE LOKALAK ORAIN!!

Bidali:  

Erantzunak

Ibai-Ederreko sasia | 2002-04-08 : 23:04

Garbi dago, Udalaren gazteentzako guneak, onak, txarrak, ez hain onak, erdipurdikoak, nola halakoak, parregarriak... Azpeitiko gazte guztientzat dira. Btasaunareb agiriko gazteak berriz, ez dira Azpeitiko gazte guztiak, Batasunak gogoko dituen gazteak bakarrik. Oharra irakurriz "gazte guztiak" direla uler badaiteke ere. Argi!

Eme | 2002-04-09 : 08:04

Sasiak diona ez da hain egia:
1/ Udalaren gazteentzako guneak ez dira udalarenak: Izarraitz, Loiolarako paseoa.
2/ Aipatzen diren guneetan egunero dabilen jendea ikusita, Azpeitiko gazte guztientzat ez direla argi dago: nolakoak izan behar duten erabakita dagoenez, gustoko ez duten gazteek ez dute onartu beste erremediorik.
Argi! (beraz zeu ere)

Sasia-nahasia | 2002-04-09 : 19:04

Irakurri al duzu agian AGZ?! taldeak gazte lokalaren inguruan orain ela 2 urte udalean aurkeztu zuen proposamena? Batasuna bakarrik izan zen proposamen horri atxekitu zitzaiona, besteek gezurra gezurraren atzetik erabili dute gai honen inguruan. Orain gezurrarekin nahikoa ez eta herriko 9 gazte epaiketaren bidean aurkitzen dira, beraz ez dakit zein diren azpeitiko udalak kontuan hartzen dituen "gazte guzi" hoiek. 2 urtetik 5 urterako gartzela zigorraren arriskuan daude hemengo 9 gazte, eta zu udalaren aldeko keinuak egiten. Lotsagarria!

iraun | 2002-04-09 : 19:04

Nik irakurri dut gazte lokalaren proposamena eta argi dago azpeitiko gazte guzientzat irekia egongo den lokal autogestionatu baten aldeko apostua egiten dela bertan. Batasuna proposamen horri lotu bazaio apostu berbera egiten duela ulertzen dut. Aldiz, irakurri dut udalak atera duen panfletoa ere (Zenbat kostatu ote da?) eta garbi dut ez dela kasualitatea une honetan honelako zerbaitekin irtetea azpeitiko Alkatea.

Adi! | 2002-04-09 : 19:04

Adi!:
Udalak badauke kontraesan bat: lokalik behar ez duten eta eskatu ez duten haurrei-eta lokala jarri die (Ludoteka). Baita lokalik eskatu ez duten gaztetxoei ere (Zapo Txoko). Aldiz, lokala behar eta eskatzen duten gazteei ez die lokalik jarri (Gazte Lokala). Nola ulertzen da hori?
Azpeitiko herriari hori 'ulertzeko' halako panfleto koloretsua (eta garestia!) ateratzea, bi hitzetan esanda, lotsagarria da. Zein ari da manipulatzen gazteriye bere erara?
Seriyuek izen gaitezen, faborez!

NI | 2002-04-10 : 19:04

Amen danok dakigu nolakuek dien Bastida eta Cia eta ez debela lokalik emango ere bai, beraz ba zergaitiyek billatzie ....
Horren aurrien ze ein?
ba betikue antolau eta geuk ein ber lortu nahi dana ze udalak beti frenue jarrikou...
Gaur egun zein engainauko ba betiko mafiosuek panfleto batekin? ezta enziklopedi guztiye bialduko balure...

Azketa | 2002-04-13 : 12:04

Udalaren azken maniobra hau, benetan lotsagarria izan dela deritzot. Ez dago eskubiderik, herritarron diruarekin honelako kirtenkeriak egiteko. Guzti hau karnabaletako gertaera lotsagarri haien erantzun moduan etorri da, bertan alkateak eta bere zerbitzariek, hanka sartu zuten, barru barruraino eta orain ezin aterata dabiltza. Bere garaian hobe lukete isil-isilik geratu eta beti gertatzen den moduan guztia ahaztu egingo litzateke, baina ez hauek telebistan azaldu nahi izaten dute, komunikabideetan azaltzeko gosez egoten dira beti.
Eta orain zer? Auskalo zenbat diru gastatutako txosten bat bidaltzen digute etxera, adarra joaz.
Karnabaletako gertaerak gertatutakoan, gazteek alkatea eztabaida publiko batetara deitu zuten. Oso ongi egin ere, baina alkateak betiko moduan, erantzunik ere ez. Zer zeukan ba galtzeko? Arrazoia bazuen zergaitik ez zion deialdiari baietz esan?
Azken maniobra honekin, garbi geratu da Bastida eta bere zerbitzarien jokabidea, alde batetik gazteak auziperatu eta bestalde herritar guztion diruarekin, herritarrak engainatzen saiatu.
Txosten hauekin zerbait egin beharra dago, hau ezin da honela utzi. Ahal diren txosten gehiena jaso eta udalera bideratu behar genituzke, bertan dirua gazteontzako lokaletan inbertitzeko eskatuz.
ANIMO AUZIPERATUTA ZAUDETENOI ETA ESKERRIKASKO EGIAREN ALDE BORROKATZEAGATIK.
LOKALAK GAZTEONTZAT!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu