Treneko jantziak erakusketa ikusgai da Tren Museoan

Uztarria.eus 2002ko api. 5a, 21:04
Tren-langileen uniformeen bilduma Tren Museoan izango da erakusgai hemendik aurrera

Ehun urte baino gehiago igaro dira lehenengo uniformeak sortu zirenetik. Forma eta estetikaren aldakuntza handiak gora behera, uniforme zaharrak eta berriak tren-bazkunetako langileen eginkizuna ulertzeko bi modu desberdinen adierazgarri dira. XIX. mendeko bazkunek, orduko estatu-erakundeek bezalaxe, beren plantilak egituratzeko lagungarri gisa sortzen zituzten uniformeak. Horregatik jartzen zituzten hainbesteko arreta ikur eta ezaugarrietan, langile bakoitzaren eginkizunak hierarkian kokatzeko balio zutelako. XXI. mendearen atarian, ostera, trenetako langileen janzkien egileek bazterrera utzi dituzte horrelako bereizgarriak eta bazkunaren irudi eta identitatearen munduan sartuta daude ezinbestean. Bilakaera hau martxoaren 28a geroztik Trenaren Museoan ikusgai da Tren-langileen Uniformeen Bilduman.

Bilduman 131 uniformetan banatutako 240 janzkitik gora ageri dira. Tren-bazkun nagusi guztien uniformeak jaso dira: Oeste eta haren aurrekoen 5 uniforme daude, beste horrrenbeste MAZ-renak, eta Norteren 12 ere badaude. Bestalde, RENFE-ren 61 uniformeek mende erdi luzean izan den bilakaera estetikoaren berri ematen dute. Trenbide estuko bazkunek ere badute beren tokia bilduman: Explotacion de Ferrocarriles por el Estado-ren 10 uniforme daude, FEVE-ren 21 eta bazkun txiago batzuen 8. Azkenik trenarekin harreman handia izan dituzten kidego uniformatuen 11 uniforme daude, besteak beste Agrupación de Movimiento y Prácticas del Ejercito kidegoarena eta ingeniari zibilenak.

Bildumaren egilea Jesús Minguez da. 1992an hasi zen Tren Langileen Uniformeen bilduma sistematizatzen. Ordurako 70 uniforme zituen, baina bilduma osatzeko 30 janzki sortu behar izan zituen ezer ezetik jatorrizko eredua jarraituz eta lehengo ehunekin. Jesúsek ondo ezagutzen du trenaren mundua, gaztetatik dabil tren-materialen hondakinak artatzen, eta uniformeen bilduma ez da osatu duen bakarra: Lurrun-makinen identifikazio-plaken bilduma, trenetako lanparen bilduma, makinazainek garaiz garai tren-kabinan sukalderako erabili dituzten tresnena eta tren-geltokietako erlojuen bilduma ere osatu baitu. Denak Trenaren Euskal Museoaren Fondoetan daude.