Idazle azpeitiarrak ere badute beren tartea euskal literaturaren gune berrian

Uztarria.com 2002ko mar. 27a, 18:03
Webgunea literaturzale eta literaturari buruzko kuriositatea dutenentzako da

Atzo aurkeztu zuten Koldo Mitxelena liburutegian euskal literaturari buruzko webgune berria, www.egunkaria.com/literatura. Bertan ibili gara Uztarriakoak eta lan handirik gabe topatu ditugu zenbait idazle azpeitiar.

Euskaldunon Egunkariaren webgune berria Juan Luis Zabala web orrialdeen edukien arduradunak, Kepa Sarasola orriaren diseinatzaileak, Iñaki Uria Egunkariaren kontseilari ordezkariak eta Martxelo Otamendi zuzendariak aurkeztu zuten atzo Donostian. "Webgunea literaturzale eta literaturari buruzko kuriositatea dutenentzako dela" esan zuen Iñaki Uriak. Izan ere webgunean euskal literaturak emandako azken berriak, euskal idazleak, euskal sorkuntza, eztabaida, kritikak, iruzkinak eta bestelakoak jasotzen dira.

Webgune honetan bada lekurik idazle azpeitiarrentzat ere. Asko saiatu gabe azalean bertan berri bezala Fernando Morilloren Ortzadarra sutan liburuaren aurkezpena topatu dugu, eta idazleak atalean Pako Aristi eta Jose Luis Otamendi agertzen dira.

Egunkariaren webgune berriaz gaurko Egunkarian bada berri bat. Eta bestalde, Sustatun ere atzo jaso zuten webgune honen berri.