Aitor Idiakez: "Epaitegietan euskararen normalkuntzarako ez da benetako pausurik eman Administrazioaren aldetik"

Uztarria.com 2002ko mar. 14a, 19:03
Azpeitian herritarren %83 euskalduna da, baina bi epaileak erdaldunak dira

Atzo Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta "Euskara Epaitegietan" hitzaldia entzungai izan zen Enparan Dorretxean, I. Kulturaldiaren baitan. Aitor Idiakez, Abokatu Euskaldunen Sindikatuko kidea, izan zen hizlaria. Eta hona hemen bere hitzaldia oso-osorik:

Euskal Herrian aurkitzen ditugun hiru eremu administratiboetan euskarak pairatzen duen egoera desberdina da:

  • E.A.E.: 1979ko Estatutuak 6. Artikuluan aurreikusten duen ofizialtasuna ez da praktikan bermatzen.
  • Nafarroa: Foru Hobekuntzak eta "Ley del vascuence"-k ofizialtasuna osoki bakarrik zona euskaldunean aurreikusten da eta zati batean zona mistoan. Hala ere E.A.E.-n bezala hemen ere jardunketa ez dago bermatua.
  • Iparraldea: Frantziako Gobernuak ez du Hizkuntza Gutxituen Europako karta sinatu eta horrela, orain arte bezala, hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da. Ondorioz iparraldeko euskaldunek epaitegietan itzultzaileen bidez aritzeko modua daukate bakarrik epaileen borondate "onaren" arabera. Gainera XVI. Mendeko lege baten arabera abokatuei Epaitegietan euskaraz mintzatzea ukatzen zaie.

Esandakoa sakonduko da hemendik aurrera. Hasieratik esan dugu dagoen lekuan ez dela ofizialtasuna bermatzen, eta hori horrela da ez bait daukate ez epaileek, ez fiskalek ez eta idazkariek (hiru figurak Estatuarren eskuduntza dira: Epaileak B.J.K.O.rena eta Fiskalak eta Idazkariak berriz Justizia Ministeritzarena) euskaraz ikasteko betebeharrik.

Abokatuon aldetik, ikusirik gero eta hiritar euskaldun gehiago daudela, Epaitegian eguneroko jardueran euskaraz aritzeko bi txanda antolatuta daude E.A.E.n: atxilotuen urgazpeneko txanda eta ofiziokoa. Horretaz aparte kontutan izan beharra dago abokatu euskaldun batzuk isunduak izan direla (denera ia bi milioi) bezeroen hizkuntza eta defentsa eskubideak aldarrikatzeagatik epaiketetan.

Administrazioaren aldetik ez da benetako pausorik eman euskararen normalkuntzan:

  • B.J.K.O.k hala ezarrita Epaileek beraien lerrundegi edo eskalafoian gora egiteko euskara ez da derrigorrezkoa eta bakarrik meritu gisa har daiteke. Organu honek autonomi erkidegoetako hizkuntza ofizialen ezaguera meritu gisa baloratzea erreglamentu bidez onartzea 1999.ko urtean gertatu zen, eta horretaz aparte baita ere zonalde euskaldun batzuetan epaile ordezko izendatzeko edo epaile berriek destino berriak aukeratzeko hizkuntza ofizialen ezagutza kontutan hartzea aurreikusi zuen. Hala ere esan beharra dago neurri horiek jada B.J.L.O.aren 341 artikuluan jasoak daudela.
  • Eusko Jaurlaritzak hartu berria du Justizia Administrazioko funtzionarien eskuduntza, hala ere ikustea besterik ez dago bertako plantilla dekretua, perfilen sistema ezartzen duen atala, Justizia Ministeritzak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean errekurrituta dagoela.

Teorian ofizialtasuna onartua dagoen lurraldean (E.A.E.) datuak oso ezkorrak dira:

  • 190 epaileetatik, 15 euskaldunak(%7)
  • 59 fiskaletatik, 5 euskaldunak (%8)
  • 149 idazkaritik, 15 euskaldunak (%10)
  • 32 forensetatik, 3 euskaldunak (%9)

Funtzionarien atalean zenbakiak hauek dira:

  • Ez dute euskara ezagutzen %52
  • Euskaldunak %14,4
  • Ia euskaldunak %31

Epai barrutietan egoera hau da:

  • Donostian 21 epaileetatik 3 dira euskaldunak (91.500 hiritar euskaldun)
  • Azpeitian 2 epaileak erdaldunak dira (herritarren %83 euskalduna)
  • Bergaran 4 epaileak erdaldunak dira (herritarren %63 euskalduna)
  • Tolosan 3 epailetik bat euskalduna (herritarren %70 euskalduna)

Honen aurrean Abokatu Euskaldunen Sindikatuak, EKB-k, EHE-k eta UEMA-k NORMALKUNTZARAKO OINARRIAK izeneko eman beharreko pausuak azaldu zituen:

  1. Legeak Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna aurreikusi behar du.
  2. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen dituen zerbitzua eratu.
  3. Epaitegiek herritarrek aukeratutako hizkuntza errespetatzea prozedura osoan.
  4. Itzulpena ez da bidea salbuespena baizik.
  5. Funtzio publikoan euskalduntze mailakatua baina sostengatua.
  6. Urgentziazko irtenbideak bermatu (adibidez ordezko epaile euskaldunak…).

Eusko Jaurlaritzak eratuta Justiziako "Normalkuntza Erakundeen Arteko Batzordeak" lanean jardun zuen gain honekin eta iadanik aipatutako Normalkuntzarako Oinarrietan jasotzen zen ideia bat proposatu zuen: epaitegietan kasuen banaketa egiterakoan hizkuntza erizpideak gogoan hartzea. Logikoa den ideia honen aurrean E.A.E.ko Justizia Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman zion esanez bestela aurretik izendaturiko epaile naturalaren eskubidea urra zitekeela.

Dena ez da negatiboa eta zorionez euskararen normalkuntza Justizia Administrazioaren aldarrikapena herritarron sentimenduarekin bat egin duela ikus daiteke. Goraipatzekoa da hainbat euskaltzalek izandako jarrera, lehenik eta behin abokatu euskaldunak aukeratuz eta gero konfidantza osoa emanez beren auzia eta interesak arriskuan jartzera ausartu direnean, jakinik baztertuak izango zirela abokatuak eta ofiziokoa ezarriko zitzaiela. Bestetik ezin da ahaztu adorez eta modu paketsuan euskaldunon hizkuntza eskubideen aldarrikapena epaitegietara eraman eta zigortuak izan direla Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak. Euskalgintzako hainbat pertsona eta agenteek 1999ko apirilaren 14an plazaratu zuten "Euskaldunontzat Justizia" izeneko ekimena kaltetuei elkartasuna agertuz. Gizarteak berea egin du Justizia Administrazioa benetan euskalduntzeko nahia, eta gainera garbi azaldu du bere elkartasuna abokatu eta herritar euskaldun zigortuekiko.