Xoxoteko aterbea eraberritzeko herritarren laguntza eskatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak

Uztarria.com 2002ko mar. 6a, 18:03
Aterpea eraberritzen hasteko asmotan dira

Xoxoteko aterbea 2000. Urteko iraila ezkeroztik itxita dago, Urola bailarako Osasun Publikoak aterbera egindako ikustaldi baten ondorioz. Orduan, Osasun Publikoak aterpeak gutxiengo garbitasuna eta osasun baldintzak ez zituela eta eman zuen aterpea ixteko agindua, aterbe bezala erabiltzeko nahiko baliabiderik ez zuela argudiatuz.

Ondorioz, Lagun Onak Mendi Bazkunak-eko batzordeak aterbearen jabe eta arduradun denez, aterbea eraberritzeko proiektu bat egin du eta lanak lehen bait lehen hasteko asmoa du. Proiektu honen aurrekontua berriz 174.899 eurokoa (29.100.734 pezetakoa) da. "Gurea bezalako elkarte txiki batek ezin dio aurre egin diru kopuru honi, eraberritze lanei aurre egiteko herri osoaren laguntzaren beharra dugu. Aterbea egin zenean ere guzien beharra izan zen eta oraingo lanetarako ere hala izan beharko du". Beraz, aterpearen eraberritzea diruz laguntzeko Euskadiko Kutxan kontu korronte bat zabaldu du: 3035 0020 05 80200050654 zenbakia hain zuzen. Bestalde beharrezko izango dute herritarren eskulana ere eta horretarako deialdiak egiteko asmoa du Lagun Onak M.B.k

Aterbearen atzekaldea gordailu

Aterbearen atzekaldeko estalpea pasa den asteburuan itxi egin du Lagun Onak M.B.k, eraberritze lanak hasten direnean, atzekaldea gordailu bezala erabiltzeko asmoa dutelako. Beraz, herritarrei eta Izarraitzera hurbiltzen diren mendizale guztiei Lagun Onak M.B.koek "barkamena eta pazientzia" eskatu nahi die.

Xoxoteko aterbea 2000 urteko irailean itxi zen, Uztarria aldizkariak honen berri eman zuen azaroko alean