Patxi Altunaren artikulu bilduma argitaratuko da

Uztarria.com 2002ko mar. 1a, 18:03

Patxi Altuna euskaltzain oso eta azpeitiarrak argitara emandako artikulu batzuen bilduma prestatzen ari dira Esther Zulaika eta Elixabete Perez Gaztelu EUTGko irakasleak. Guztira 30 bat artikulu biltzeko asmoa dute, eta apirila inguruan argitaratuko dela uste dute egileek.

Bildumak bi atal izango ditu: bata Klasikoak eta bestea, berriz, Jesuitak. Klasikoak atalean Patxi Altunak Etxeparez, Oihenartez, Larramendiz eta Mendiburuz idatzitakoak sartuko dira. Eta Jesuitak atalean, berriz, besteak beste, Olabideri, Jose Ignacio Aranari eta Patxi Etxeberriari buruzkoak jasoko dituzte.