Odei Arregik hirugarren saria lortu du Resurrección Mª Azkue lehiaketan, poesia atalean

Ikasberri Azpeitiko Ikastola 2002ko mar. 1a, 15:03

Azken urteetako emaitzak errepikatuz, Odei Arregi, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ikaslea aurten ere saritua izan da. Resurrección Mª de Azkue literatur lehiaketako poesia ataleko hirugarren saria lortu du "Kafetegi gibeletan eriotzak kafesne usaina" lanarekin.

Bide borobila darama Odei Arregik, eta sariak errekonozimendua ematen die. Pasa den urteko Resurrección Mª de Azkue lehiaketan ere sari bera lortu zuen, poesi ataleko hirugarrena alegia.

Hona autengoan saria lortu duen Odei Arregiren poema:

Kafetegi gibeletan heriotzak kafesne usaina

Mareak eraman

zitian

azken algekin batean

hire sekretu

amaigabe haiek.

Inoiz ez huen

jakingo nora,

inoiz ez huen

galdetuko zergatik.

Behatzaz

are hezean zintzelatu

hituen azken

egia arrastoak,

zeru hodeiztatu,

goibel, puztupean.

Eta mareak krudel

mugimendu bakarrean

eraman zitian

azken egia islak.

Are hezea leun

lau, isil, utziz.

Baina zeruak

ez zian oraindik

negarrik egin

puzturik, lertzear,

beltz mantendu zuan,

guztion gainetik.

Negar egiteko ordua

aspaldi erabaki

balu legez,

itxoiten.

Desesperaturik,

akiturik,

egiaren atzetik

erori hintzen

itsaso aparren

edertasun galdu

zoro horretara

eta orduan soilik

egin zian zeruak

negar.

Milaka malko

suizidatu zituan

besteak bezalako

gau hartan.

Milaka

malkok bota zian

bere burua

itsasoa gehiago puztuz

gehiago betez.

Egunkariek

goizean hala esango

ziatean:

bere burua bota duen

beste poeta bat.

Hala agertuko zuan

letra kurtsibaz

egunkariaren hertz batean

liburu baten

izenburua bailitzan.

Baina munduak

ez zekik

lerro artean irakurtzen

eta inork ez dik

ikusiko

are gainean idatzi

huen sekretua,

inork ez dik

jakingo

ez huela

hire buruaz beste egin.

Egia bilatzen

huela besterik

ez.

Hodeien malkoekin

batean suizidatu zen

egia bera.

Eta kafetegi

gibeleko aitonak

burua mugituko dik

ezker-eskuin

egunkaria mahai gainean,

eskua hire

hilotzaren argazkia

estaliz.

Betaurrekoak

mahaian

pausatzen dituen bitartean.