Azpeitiarrok adi! "Baite"ko zozketa abian da!

"Baite" Azpeitiko Euskara Elkartea 2002ko ots. 27a, 00:02

Baite Azpeitiko euskara elkarteak Baiteko bazkideen arteko zozketa jarriko du martxan datorren martxoaren 2an hasita. Hamabostean behin Baitek herriko hainbat dendak eta Baiteren laguntzailek emandako produktuak zozketatuko ditu bere bazkideen artean.

Herriko dendariak, enpresak, ikastetxeak, elkarteak, jatetxeak, tabernak eta erakundeak Baiteko bazkide-laguntzaile egiten ari dira. Batzuk diruz laguntzen diote Baiteri eta beste batzuk generoarekin. Guztiek ematen diote sostengua eta adorea euskararen aldeko lanari. Aste batean liburuak edo diskoak zozketatuko ditu Baitek, hurrengoan mahai gaineko erloju bat, janzkiak ondoren edo informatikako osagarriak. Berriz ere mundu txiki berri bat zabaltzen zaio Baiteko bazkideari.

Hamabostero uztarria.com-en eta Loiolako Herri Irratian emango dugu sariaren berri, eta baita saria eman duen Baiteren babeslearen izena ere. Saridun gertatzen denari, berriz, etxera deituko diogu saria jaso dezan.

Baiteko bazkide bazara osasunez urratu! Eta Baiteko bazkide ez bazara; zertan zaude oraindik?