Izarraizpeko harriketarrak, banaka, eta Batukadak, taldeka, jaso zituzten lehen sariak

Azpeitiko Udala Jaiak 2002ko ots. 15a, 16:02

Bukatu dira inauteriak, eta hurrengo urteko mozorroa pentsatzeko badugu nahiko denbora. Baina saria eskuratu nahi dutenek aurtengo mozorro sarituak gogoan izan eta imaginazioa landu beharrean dira. Astelehen gauean hainbat azpeitiar ibili zen mozorroa jantzita kaleetan, baina Izarraizpeko harriketarra, banakakoan, eta Brasilgo Batukada, taldekakoan, izan ziren epaimahaiaren onespena jaso zutenak. Juanito Bikendi herritarrak ere jaso zuen sari berezi bat, 80 urterekin inauterietan parte hartzeagatik.

Banakako sarietan, lehen saria, 360€, Izarraizpeko harriketarrak jaso zuen; bigarren saria, 330€, Obelix-entzat izan zen; eta hirugarrena, 270€, berriz, antigualeko Tiobiboarentzat.

Taldekako sarietan, lehenengoa, 540€, Brasilgo Batukada taldearentzat izan zen; bigarrena, 480€, Ertzainez jantzita ibili zen taldearentzat izan zen; eta hirugarrena berriz, 420€, rockeroentzat.

Bestalde, Juanito Bikendik, 300€ sari berezia eskuratu zuen inauterizaletasunagatik. Izan ere, Juanito pailazoz jantzi zen astelehenean, 80 urterekin.