'Gipuzkoa zein berdea' liburuxka eta logotipoa aurkeztu dira

Uztarria.com 2002ko ots. 14a, 12:02

Gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian Iraurgi Lantzen Garapen Agentziako (Urola Erdia), Debagoienako Udal Elkarteko, Tolosaldea Tour (Tolosaldea), Lenbur Fundazioa (Urola Garaia) eta Goitur-eko (Goierri) presidenteek Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailburuordea den Koro Garmendia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia eta Turismo saileko diputatua den Jose Ramon Belokirekin batera, "Gipuzkoa zein berdea"-ko Natura eta Landa guneak liburuxka eta logotipo berria aurkeztu dituzte.

Natura eta Landa guneak liburuxkaren helburu nagusiena Gipuzkoako barnekaldeko parke eta gune naturalak eskaintzea da, era berean liburuan parte hartuko duten eskualdetako gune, produktu eta herriak indartuz. Iraurgi Lantzenek dioenez "Gipuzkoa barnekaldeko guneen eskaintzaren bat, Gipuzkoa eta Euskadi aukera turistiko bezala ikusi dutenentzat, barnekaldeko turismoak eskaintzen dizkien elementuak turista potentzial honi gerturatzea nahi izan dugu". Liburuxkan, Aizkorri eta Aralar parke naturalak, Ernio, Leitzaran, Izarraitz eta Udalaitz natur guneen deskribapena egiten da eta hauen inguruko elementu turistiko ezberdinen azalpena egiten da, hala nola, produktuak, ostatuak eta zerbitzuak.

Gipuzkoa zein berdea turismo egitasmoak, bestalde logotipo berria ere aurkeztu du, liburuxkarekin batera. Egitasmoaren bultzatzaileek adierazi bezala logotipoaren helburua Gipuzkoa zein berdea markaren irudi izatea du: "Gipuzkoa irudikatzen duten lerroak gure mendiak izango lirateke eta berdez margoturik, gure kolore bezala identifikatzen dugulako".

Proiektu turistikoa

Gipuzkoako bost eskualdeek osatutako Gipuzkoa zein berdea proiektu turistikoa, 1999. urtean abiatu zen triptiko bat argitaratuz. Ondoren, bost eskualdeak lotzen dituen zazpi ibilbide diseinatu ziren beste liburuxka batean. Ordudanik proiektuko bultzatzaileak "turismo azoketan eta edozein promozio ekintzetan irudi bakar batekin aurkeztu gara, helburu orokorra sinergiak batzea izan delako".

Helburuak bost ditu proiektu turistiko honek: Lehena, Gipuzkoa barnekaldeko herri guztietara iristea sare bidez, natura denetan garrantzitsua delako; bigarrena, Euskal Herriko biztanleei eta kanpoko bisitariei egituratutako produktu bat eskaintzea horretarako gai ezberdin bakoitzeko liburuxka ezberdinak kaleratuz; hirugarrena, Gipuzkoa barnekaldeko biztanle, botere publiko eta pribatuen artean kontzientzia turistikoa areagotzea, hau da, aintzat hartzea turismoa diru iturri emankor bat izan daitekeela, herri txikien garapen ekonomikoari lagunduko diona eta azken finean bertako aberastasunak kanpokoen begibistan jarriko dituena; laugarrena, Gipuzkoarentzat eta eskualde hauetan bizi den biztanlegoarentzat proiektu hau liburu ireki bat izatea, bertako ondasun paregabeaz ohartaraztea, eskaintzen diren irudi eta testuen bidez; eta bostgarrena, orain arteko markari logotipo bat eranstea eta erreferentzi puntu garrantzitsu batean bilakatzea: barrukoekiko eta kanpokoekiko.