Gazteen lokalak behin betiko adostea eskatu du Batasunak

Uztarria.com 2002ko ots. 13a, 19:02

Gaur Bozeramaileen Batzordean ez da adostasunik izan, eta Azpeitiko Batasunako udal taldeak, idatzi bat kaleratu du igandeko gertaeraren inguruan. Bertan, "Gazte Lokalen auzia aspalditik datorren gaia" dela jakinera ematen dute, eta joan den otsaileko gertaerak "testuinguru horretan" ikusi behar direla ere azaltzen dute, eta "komunikabideetan alkateak egin duen gertaeren erabilera interesatua, nahita nahastuz gazteen eskaera, eta ezker abertzalearen kontrako salaketak" gaitzetsi dituzte. Bide batez, idatzi honetan alkateari eta udal gobernuari "konponbidea heltzeko garaia" dela-eta gazteekin biltzea eta elkarrizketaren bitartez egoera bideratzeko eskaria egiten diete.

Hona osorik Azpeitiko BATASUNAko udal taldearen idatzia:

Gazte lokalen auzia aspalditik datorren arazoa da. Urteak dira konpondu gabe dagoela eta behin eta berriz joan da soluzio kontsentsuatu eta denontzako onuragarria izango den bat lortzea.

Gazteak Gaztetxea hartu zutenean 2000ko udan, udalak gazteekin hainbat bilera egin zituen egoera desblokeatzeko. Orduan alkateak agindu zien gazteei behin behineko lokala inguratuko ziela gabon aurretik, konponbide bat bilatu arte.

Ondoren, alkateak iritziz aldatu zuen eta gauzak sakonago ikusi arte aurrerapausorik ez ematea erabaki zuen. Alegia, gazteen premien azterketa sakonagoa egitea lehenetsi zuen eta 2001eko ekainean jarri zuen zerbait erabakitzeko epea. Gaur arte gazteek ez dute erantzunik jaso. Bitarte horretan lehen Euskal Herritarrokeko eta orain Batasuneko zinegotziok sarritan eskatu diogu alkateari gazteekin biltzea eta gaiari tajuz erantzutea. Gisa horretako azken eskaera aurtengo urtarrilak 16an egin zitzaiolarik. Bilera horretan alkateak agindu zigun gazteei deituko ziela eta bilera bat egingo zuela beraiekin.

Urtebete pasan alkateak ez du gazteekin bilerarik egin eta gazteen nahia ez da aintzakotzat hartua izan.

Testuinguru horretan ikusi behar dira joan den otsailak 10eko gertaerak. Oso larria iruditzen zaigu alkatearen portaera liskar horietan. Batetik, "mamu" jantzita era baketsuan beraien erreibindikazioa egiten ari ziren gazteak era txarrean hartu, kaputxaduntzat jo eta kale borroka ekintza batekin lotu nahi izateagatik. Bestetik, komunikabideetan alkateak egin duen gertaeren erabilera interesatua, nahita nahastuz gazteen eskaera, egun horretako kaleko gertaerak, eta ezker abertzalearen kontrako salaketak. Alkateak bere ardura bete izan balu eta gazteen gaiari behar bezalako erantzuna eman balitzaio ez zen horrelako istilurik gertatuko.

Gauzak okerragora joan baino lehen konponbideari heltzeko garaia da. Hori dela eta Batasuneko zinegotzik zera eskatzen diogu alkateari eta udal gobernuari:

  1. - Gazteekin biltzea eta elkarrizketaren bitartez egoera bideratzea.
  2. - Gazteen lokalak behin betiko adostea, herriko talde orok baitu lokalak eskatzeko eskubidea eta zilegitasuna.
  3. - Lokalen gaiari konponbide orokorra ematea, asko baitira herrian gabezia gorrian dauden taldeak.