Emakume Eguneko III. Kartel Lehiaketa

Urola Kostako Emakume Taldea 2002ko ots. 8a, 19:02
Martxoaren 8a iragarriko duen kartela

Martxoaren 8an, Emakumearen Eguna dela eta, III. Kartel lehiaketa antolatu du Urola Kostako Emakume taldeak. Aurkeztutako kartelek lema bana eramango dute. Lehiaketako irabazleak 150€ saria jasoko du, eta bere lana, lehiaketa aurkeztutako beste kartel guztiekin batera erakusgai izango da. Lehiaketara lanak aurkezteko epea otsailaren 21ean amaituko da.

Aurtengoan ere martxoaren 8a aitzakiatzat hartuta Urola Kostako Emakume taldeak Kartel Lehiaketa antolatu du. Kartel Lehiaketa hau hirugarrenez antolatzen dute, eta antolatzaileen esanetan: "Orain arte egindako bi lehiaketetan aurkeztutako lanen kalitatea oso ona izan da". Aurkeztuko diren lanek gai, estilo eta teknika librea jorratuko dute, A3 neurrikoak eta bi koloretara izango dira. Gainera, kartel bakoitzak lema bat eramango du, eta saria erabakitzeko orduan, lemak "garrantzia" izango duela jakinarazi dute antolatzaileek.

Emakume taldeak jende guztia lehiaketan parte hartzera animatzen du, beraien esanetan "zenbat eta aniztasun gehiago izan, orduan eta aberasgarriagoa baita ekintza". Aurreko edizioetan gazteak izan dira lanen egileak, 15-30 urte bitartekoak, bainan oinarrietan ez da adin mugarik jartzen.

Lanak otsailaren 21erako aurkeztu behar dira, egilearen datu pertsonalak gutun batetan eta gutunazalean lema idatzita, honako helbidera: Azkoitiko Emakume Taldea, 139 P.K. 20720 Azkoitia.

Argazkian iazko kartel irabazlea.