Drogamenpekotasunen Aurre Hartze Mahaia osatu da

Uztarria.com 2002ko ots. 6a, 18:02

Azkeneko urteetan alkohola eta sintesiko drogak hartzeko joerak gazteen artean gora egin duela-eta udalaren ekimenez, Gizartekintza eta Gazteria sailak bultzatuta, drogamenpekotasunei aurre egiteko Aurre Hartze Egitasmoa martxan jarri da. Egitasmoaren helburua Aurre Hartzeko politika sortzea da, besteak beste. Honela herriko eragile guztien bidez arriskuak gutxitzeko jarrera eta portaerak gehitzeko asmoa du. Eta berau lortzeko bideetako bat Aurrea Hartze Mahaiaren osaketa da. Mahaia gurasoen ordezkariek, irakasleen ordezkariek, herriko taldeen ordezkariek, psikologo eta egitasmoaren bultzatzaileek osatzen dute.

Aurre Hartze Egitasmoari atzoko heziketa saioarekin eman zitzaion hasera. Saio honetarako, Aitonena Ieko egoitzan bildu ziren Aurre Hartze Mahaiko kideak, eta Jaume Funes Artiaga, sikologo, hezitzaile eta kazetari katalanaren hitzaldia entzugai izan zuten. Jauma Funes nerabezaroko heziketa eta gizarte gatazka gaietan aditua da. Heziketa denboraldia martxoa arte luzatuko da, eta mahaia hilero bilduko da bi orduz. Euskal Herrian bada honelako beste ekimenik, Hernaniko eta Hondarribiako Aurre Hartze Mahaiak hain zuzen ere. Bi herri hauetako esperientzia aztertzea era aurreikusi da.

Aurre Hartze Egitasmo honen baitan Aurre Hartze Mahaiaz gain, beste jarduera batzuek ere proposatu dira. Hala nola, Azpeitiko nerabe eta gazteek aisialdian dituzten kontsumo eta jarreren gaineko azterketa, Guraso eskola, Eskola mailako aurre hartze plangintza, familia mailan aisialdiko jarduerak sustatzea eta sentsibilizazio ekitaldiak, aisialdirako ordezko aukerak bultzatu, gizarte-gaitasunetan trebatzea eta bestelako ekimenak burutzea aurreikusten da.