Joxe Lizaso eta Joxe Agirre kaldereroen kofradiako ohorezko kide

Uztarria.com 2002ko ots. 1a, 14:02
Kaldereroekin hasiko dira 2002ko inauteriak

Atzo iluntzean egin zuten Ardozaleak Elkartekoek eta Juan de Antxieta Musika Eskolakoek kaldereroetarako entseiu nagusia. Aste osoan zehar jardun dira entseiuetan, beraz dena prest dago datorren larunbaterako. Kaldereroen kantu eta zartagi hotsarekin abiatuko dira aurtengo inauteriak. Ardozaleak elkartean egingo dute afaria urtero bezala eta omenaldia ere egingo diete bi herritarrei eta Hungariako Kaldereroen Kofradiako ohorezko kide egingo dituzte, aurtengoan bi bertsolari izango dira: Joxe Lizaso eta Joxe Agirre Oanda hain zuzen.

Kaldereroen konpartsa 22:30ean abiatuko da Arana kaletik behera eta herriko kaleetan barrena egingo dute kalejira. Nahi duen guztiak parte hartzeko aukera izango du, Ardozaleak Elkartekoak, Juan de Antxieta Musika Eskola, Udal Musika Banda eta herriko ikastetxeetako gaztetxoekin batera.

Kaldereroak aste bukaera honetan, eta datorrenean emango zaie jarraipena 2002ko inauteriek. Datorrenean, Txikiteo elegantea eta mozorro egunak izango baitira, astelehen karnabal eta astearte karnabalean, nola ez egitarauaren baitan ez da sokamuturrik faltako.