Egunkariako eta Garako langileon oharra

Egunkariako eta Garako Azpeitiko langileak | Iritzia
2002ko urt. 17a, 18:01

Egunkariako eta Garako langileok gogor salatu nahi dugu Espainiako justiziaren aldetik Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendaria, Mertxe Aizpurua Garako zuzendaria eta Jon Abril Egunkariako kolaboratzailea pairatzen ari diren erasoa. Eraso hori, gainera, beraien aurkakoa ez ezik, euskal herritar guztien aurkakoa dela iruditzen zaigu, adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izanik, guztien aurkakoa baita.

Herrialde totalitarioetan bezala, kazetari izatea ezinezko bihurtzen ari da Euskal Herrian. Bestela, nola baloratu behar da Jon Abrili, Auzitegi Nazionalaren aurrean Ttipi-Ttapa telebistarentzat irudi batzuk grabatzeagatik, talde armatuari laguntza ematea leporatu eta sei urteko kartzela zigorra eskatzea? Edota, Martxelo Otamendi eta Mertxe Aizpuruari ETAri egindako elkarrizketa bateko galdera baten ondorioz erakunde armatua "hiltzera bultzatzea" leporatzea? Beste garai batzuetan boterearekin bat ez zetozenak jazarri eta zigortzeko erabiltzen ziren argudio eskas berak iruditzen zaizkigu, justizia inpartzial baten aurrean inolako funtsik izango ez luketenak. Tamalez, eta azken urteotan ikusitakoak ikusita, okerrena gertatzea ezin dugu baztertu.

Edonola ere, guk erabat sostengatzen eta sustengatuko ditugu Martxelo, Mertxe eta Jon bezala kazetari lana zintzotasunez egiten duten guztiak, eta aurrera segituko dugu euskal komunikazio esparrua garatzen eguneroko lanean. Bestalde, Egunkariako eta Garako langileok dei egiten diegu nahi duten hedabideetako langile eta bestelako herritar guztiei ostiralean goizeko hamaiketan Adierazpen Askatasunaren alde egingo ditugun honako elkarretaratze hauetara joateko:

Baiona: Espainiako Kontsuletxearen aitzinean

Iruñea: Udaletxe Plazan Gasteiz: Andra Mari Zuriaren Plazan

Donostia: Artzain Onaren Katedralaren aurrean

Bilbo: Arriagan

2002ko urtarrilaren 18

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu