Uztarria herri aldizkariaren ale berri bat banatu da

Uztarria 2002ko urt. 6a, 12:01

Uztarria Azpeitiko herri aldizkariaren ale berri bat banatu da asteburu honetan herriko harpidedun eta bazkideen buzoietara. Urtarrileko ale honetan, gainera, itxura eta edukia ere aldatu ditu Uztarriak. Izan ere, komunikazio proiektu zabalago baten neurrira egin nahi izan du Kultur Koordinadorak aldizkari berritua.

Aurreko ale guztiak bezalaxe, oso-osorik ikusi dezakezu webgune honetan aldizkari berrituaren azken alea ere.

Landu diren gai nagusiak honako hauek izan dira:

  1. Dantza, 25 urteko saltsa herriko Sahatsa eta Itsasi dantza taldeen gaineko erreportaia.
  2. Patxi Goenaga, Hizkuntza Politikako sailburuorde? Patxi Goenaga herritarraren inguruko berri posiblea aztertzen duen artikulua.
  3. Soldadutzako oroitzapenak... atzera begirako erreportaia.
  4. Iritzia saila indartu egin da, besteak beste Pako Aristi eta Fernando Morilloren iritzi-artikuluekin.
  5. Etab.

Aldizkariaren itxura berritua

Aldizkariaren ale berria, esan bezala, itxuraz ere erabat berriturik dator. Erreportaia landuagoak ditu orobat, iritzi sail zabalagoa, atzera-begirako informazio zabalagoa, etab.

Izan ere, Uztarria Kultur Koordinadorak egin eta aurkeztu berri duen komunikazio proiektu zabalago baten barruan kokatzen da aldizkari berria. Komunikazio proiektu horrek, hiru adar nagusi ditu:

  • Uztarria herri aldizkaria. Batik bat, herriko interesezko gaiak sakontasunean landu eta aurkezteko asmoa duen hilabetekaria. Aldizkaria, aldizkariago egin nahi da.
  • Uztarria.com webgunea. Eguneroko berriak, eta iritzi-trukaketa azkarrak bideratzeko asmoz sortu den komunikazio tresna dinamikoa. Informazio guztiaren gordailu funtzioa ere izango du.
  • Liburuxka biografikoak. Epe luzerako informazioa lantzeko asmoz, momentuz, herriko pertsona esanguratsuen biografiak aterako dituena. Bi aterata daude jada.