Feminismotik ere, apustu etxerik ez!

Basanderiek talde feministak bat egin du Elkar-ekinek antolatu duen elkarretaratzearekin. Beharrezkoa iruditzen zaigu gai honi ikuspegi feministatik ere buelta batzuk ematea. \ \ Izan ere, apustu etxeak eta orokorrean interneteko apustu orriak beraien mezua gehienbat gizonezko langileei bideratzen die, gizonezko arrakastatsuaren ideia aberastasunean eta emakume asko izatea dela salduz. Orduan, arazo ekonomikoak dituen jendeari bideratzen zaie mezua beraien helburua hori dela sinestarazi arte. Honek ordea beste alde ilun bat du, emakumeak diruaren pare jartzean gure subjektu izaera ukatzen digute, emakumeok objektu bilakatuz eta gainera emakume errealak baztertu eta edertasun estereotipoak indartuz. Horrez gain, isilpeko sufrimendua jasaten duen emakumeon egoera askotan ikusezina da zaintza lan guztiak honen kargu geratzen direlarik. \ \ Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi, langile auzoetan gero eta gehiago ikusten direla horrelako guneak eta dirua erdigunean jartzen duen gizarte kapitalista honek heteropatriarkatua elikatzen duela, beraz ezinbestekoa zaigu eredu hau irauli eta bizitza erdigunean jarriko duen beste eredu baten alde egitea.