Euskararen aldeko jaia egingo dute ostiralean Soreasuko Elkargunean

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2017ko aza. 29a, 12:42
Euskararen eguna gainean dugun honetan, Elkar-ekinek ere bere aletxoa jarri nahi du data berezi honen harira. Modu horretan, Azpeitiko Elkargunean ekitaldi txiki bat izango da ostiral arratsaldean, 18:00etatik aurrera, non trikitilari, bertsolari, jolas eta pintxoen bidez euskararen aldeko mezua zabaltzen saiatuko garen. Bide batez, Errigorako saskiak ere egun horretan banatuko ditugu.\ \ Euskararen aldeko ekimenetan parte hartu izan dugu aurrez ere, hala nola Korrikan irtenda eta bertako kilometroa erosita edota Errigorako kanpaina Azpeitira ekarrita. Horiez gain, aipatu behar da, Elkar-ekinen ekimenez sortu zela Sanjuandegiko mintza-lagun taldea. Jatorri eta kultur aniztasunaren lanketan ere beti ulertu dugu euskarak erdigunean behar duela egon.\ \ Euskararen erabilerak behera egin du gurean azken denboran. Eta gure herriak euskararen arnasgune indartsua izaten jarraitzen badu ere kezkatzeko arrazoiak egon badaude. Lan handia egin da, baina ez da txikia egiteko daukaguna. Zentzu horretan, herriko erakundeen, herriko taldeen eta herritarren aldetik beharrezkoa izango da urrats berriak eta sendoak ematea Azpeitian euskarak aurrera egin dezan.\ \ Horrela, bai abenduaren 3an, bai urteko egun guztietan, euskara bultzatzen jarraitzeko deia egin nahi dugu. Ikastetxeetan, administrazioan, osasun etxeetan, lantegietan, kalean, tabernetan... Euskarak espazioak berreskuratu behar ditu biziko bada. Beste herrietatik gure datozenak ere euskarara hurbiltzera animatu behar ditugu, lehen hitzak eta agurrak euskaraz eginez, eta euskaraz ikasita beraien bizitzek zenbat irabaziko duten konbentzituz.\ \ Gure aldetik, aurrerantzean Azpeitiko Elkargunean euskararen presentzian sakontzeko konpromisoa hartu nahi dugu euskararen egunaren harira. Horretarako, beharrezkoak diren bitartekoak jarriko ditugu.