Agenda bateratua eta herriko elkarte zein eragileen mapa egiten ari da Azoka Herritik

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik 2015ko ots. 5a, 10:44
Azoka Herritik ekimenak, urtean behineko azoka bat baino askoz gehiago izan nahi du. Azokaren formatua baztertu gabe, urte osora zabalduko den ekimen iraunkor bat izatea du helburu, herriko talde eta eragile ezberdinak harremanetan jarri eta elkarren arteko zubi edota sinergiak eraikitzeko. \ \ Pasa den iraileko azokan egin genuen herrigintzako bilerak horretarako gogoa eta indarra egon badagoela erakutsi zigun. Azpeitia bizi-bizirik dagoen herria da, eragile asko eta osasuntsuak ditugu, baina elkarren arteko ezagutzan eta koordinazioan zer hobetua badela uste dugu. \ \ Guzti hori dela eta, Azoka Herritik bi ekimen martxan jartzera doa. Alde batetik, herriko elkarte eta eragile guztien datu eguneratuekin eskuliburu bat aterako dugu, herriko eragileen mapa bat eratzeko helburuarekin. Horren bitartez, eremu ezberdinetan lanean diharduten elkarteen berri izango dugu denok eta harremanak eraikitzeko bidea erraztuko dugu. \ \ Bestetik, agenda bateratua jarriko da martxan webgune honetan, Uztarria.eus-en. Asmoa da Azpeitian antolatzen diren ekintza guztiak jasoko dituen agenda txukun bat osatzen joatea denon artean. Talde bakoitzak agenda horretara sarrera izango du, eta bertan jarriko ditu antolatzen dituen ekimenak. Modu horretan, egun eta ordu berean antolatutako ekimenen bikoizketak ekidin nahi dira. \ \ Guzti hau aurrez-aurre aurkezteko, eta gaiaren inguruan izan ditzakezuen zalantza eta ekarpenak jasotzeko, bilera erronda bat burutuko dugu herriko elkarte eta eragile guztiekin.