Larunbateko manifestaziora joateko deia egin du Azpeitiko EH Bilduk

2013ko urtarrilaren 12an, euskal presoen eskubideen alde inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena burutu zen Bilboko kaleetan. Zalantza barik, Euskal Herrian burutu den manifestazio jendetsuenetakoa izan zen. Datorren larunbatean, urtarrilaren 11n burutuko dena ere, ez da motz geratuko. \ \ Herri interpelazio erraldoia suposatuko du oraingoan ere Bilboko mobilizazioak: Lehenik eta behin, Espainia eta Frantziako gobernuak interpelatuko dira, gatazkaren konponbiderako aukeraren aurrean duten blokeo jarrerarengatik eta jarrera horixe, hein handi batean, euskal presoen eskubideen urraketan oinarritzen dutelako. \ \ Baina, era berean, eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak interpelatuko gaituzte. Euskal jendarteak konpromisoak eskatzen dizkigu guztioi; dispertsioarekin amaitzeko, giza eskubide guztien aitortza eta errespeturako, gatazkaren konponbiderako eta bakearen eraikuntzarako. \ \ Aldarrikapen horiek lehentasunezkoak ditu EH Bilduk, bidezkoak izateaz gain, jendartearentzat ere garrantzitsuak direla argi dugulako. \ \ Presoen eskubideen inguruko adostasuna dago euskal gizartean. Euskaldunok jakin baitakigu presoen eskubideak betetzen ez diren bitartean prozesuak aurrera egiteko zama jasanezina izango duela. \ \ Gatazka politikoaren ondorioei aurre egiteko garaia heldu da; aspalditxo iritsi zen, egia esanda. Eta aitortu beharra dago, zenbait arlotan aurrerapausoak eman badira ere, asko dagoela egiteko normalizazio arloan, elkarbitzitzan, biktima guztien aitorpenean eta abar. Baina arlo bakarra dago inolako aurrerapausorik eman ez dena, presoen eskubideena. Jarrerarik inmobilistenak hortxe ari gara ikusten. \ \ Horregatik guztiagatik, Azpeitiko EH Bilduko ordezkariak ere Bilbon egongo gara. Eta nola ez, dei egiten diogu herritar orori ere bertan parte hartzera.