Españolizatzailea, zentralizatzailea, uniformizatzailea, ekitatearen eta ...

Españolizatzailea, zentralizatzailea, uniformizatzailea, ekitatearen eta aniztasunaren kontrakoa, segregatzailea, adoktrinatzailea, euskararen normalizazioaren aurkakoa... Hori guztia da LOMCE (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa).\ \ Hezkuntza sistemaren kalitatea areagotzeko eta emaitzak hobetzeko aitzakia mahai gainean jarriz, PPren gobernuak lege erreforma abiatu du. Aitzakia horrek ordea, ez du inolako justifikaziorik gure herrian. Gure errealitate eta beharretatik erabat urrun dagoela begi bistakoa da. Hasteko, Hego Euskal Herriko eskola porrota eta DBH bukatu dutenen bataz bestekoak Europako datuekin parekatzen dira eta ez Espainiar Estatuko portzentajeekin. Gauza bera, PISA ebaluazioari dagokionez. Beraz, mahai gainean jarri duten arrazoi nagusia gezur hutsa da.\ \ Hezkuntza da herriaren bizkarrezurra eta hizkuntza bihotza. Hori PPk ere argi dauka. Argi dauka Espainiak eta gaztelaniak izan behar dutela denon herri eta hizkuntza bakar. Eta hori da, gure herrian LOMCE aplikatzeko duten grinaren arrazoia. Lema bat dute ipar: Espainia bat eta bakarra, handia eta librea. Gure haurrak espainiar izaera eta espainiar hizkuntzaz hezi nahi dituzte. Guk ordea, argi dugu Euskal Herria dela herria eta euskara geure hizkuntza. Eta horrek suposatzen dituen balore, sentimendu etb.ekin hezi nahi ditugu gure haurrak.\ \ Bestelako neurriekin batera (lan erreforma, udalen legea, pentsioak) hezkuntza arloan ere, LOMCE inposatzea ez da kasualitatea. Arlo estrategiko gisa, adoktrinamendurako eta zentralizaziorako ezinbesteko tresna kontsideratzen baitute. Hezkuntzarena arlo estrategikoa da eta berau erabili nahi dute gure hizkuntzaren normalizazioa eragozteko.\ \ Gure seme alabek zer eta nola ikasi behar duten Madrildik erabakitzea ezin dugu onartu. Herri honetako herritarrok, ez beste inork, behar dugu erabaki gure seme alabek nolako hezkuntza izatea nahi dugun. Hezkuntza eredu berria eraikitzea ezinbestekoa da. Baina hezkuntza eredu horrek propioa behar du izan.\ \ Horregatik, LOMCE gure herriarekiko eta herritar guztiekiko irain jasanezina delako iritsi da buruarekin eta bihotzarekin erantzuteko unea, gure herria eta hizkuntza defendatzeko unea: Bilbon datorren larunbateko manifestazioan, U12, Euskal Herriko ikasle, irakasle, langile, guraso eta herritar guztiok bat egin eta Madrilgo gobernuari erantzun tinkoa eman behar diogu. Hezkuntzaren eremuan ere ez dugu inposiziorik onartuko.\ \ LOMCE EZ! Euskal Herrian, gure hezkuntza eraiki!\ \ Eta jakina, U13tik aurrera, ahaleginetatik harago, konpromisoak hartu behar ditugu gure eredua eraikitzen jarraitzeko eta LOMCEren aplikazioa ekiditeko. EH Bilduk horretarako konpromiso irmoa mahaigaineratzen du.