Sanjuandegiko festak 2023

Auzotarrei nahiz herritarrei, eskerrak

Erabiltzailearen aurpegia XJ Auzolanean 2023ko eka. 12a, 09:32
2023ko mantangorriren jaitsierako irudi bat. (XJ Auzolanean)

Sanjuandegiko festak bukatuta, XJ Auzolaneanek jaiei buruz egindako balorazioa da honako hau.

Aurtengo Sanjuandegiko festak pasatu diren honetan, aurten ere, festen balorazio orokorra egin nahiko genuke Sanjuandegiko Festa Batzordeko kideok.

Lehenik eta behin, auzotarrei nahiz herritarrei eskerrak ematea tokatzen zaio Sanjuandegiko Festa Batzordeari; eraren batera edo bestera parte hartu duzuen eragile eta norbanakooi, eskerrik asko! Zuek gabe ez litzateke festarik posible izango: barrako txandak eginez, elkarteetan sukaldari lanetan arituz, azpiegiturak utziz, otarrerako nahiz otorduetarako laguntza emanez edota auzolanetan nahiz beste ekintzetan parte hartuz, ekimen ezberdinak bultzatuz landu duzue. Eta eskerrik asko, noski, pazientziaz eta ulermenez jokatu duzuen auzotarroi.

Batzordeko kideok hilabete luzez egiten dugu lan festak aurrera ateratzeko, tartean ikusten ez den lan asko eta askorekin. Erabat borondatezkoa den lana da, eta auzoari ekarpena egitearren, gogoz eta gustura jarduten dugu horretan. Borondate horren trukean errespetua eta ulermena besterik ez dugu eskatzen, askotan purrustadak eta aurpegi txarrak jasotzera ere behartuta baikaude. Festak hobetu nahi dituenak badaki non aurki gaitzakeen.

Gainera, begi onez ikusten dugu festek azken urteotan izan duten harrera ona, baina jakitun izan behar dugu horrek oraindik eta lan eta zailtasun gehiago jartzen dizkigula batzordekideoi. Belaunaldi aldaketak eta mila buruhauste medio, ez gara iristen nahiko genukeen behar guztiak asetzera, eta handi geratzen zaizkigun hainbat eta hainbat gauza daude; horregatik, auzotarroi pazientzia eta ulergarritasuna ere eskatzen dizkizuegu zenbait egoeraren aurrean.

Bestetik, aipatzekoa iruditzen zaigu festa testuinguruan ematen den indarkeria matxistaren auzia. Nahi ala ez, festak ere ez daude errealitatetik salbu, eta garbi ikusi da gure auzoan ere badagoela horren aurkako eguneroko lanaren egarririk; izan ere, gutxienez, bi indarkeria kasu egon dira egun hauetan, eta beharrezkoa da horren aurka antolatzea eta kasuok salatzea. Zentzu horretan, gure ustez, azpimarratzekoak dira Itaiak festetara begira antolatutako etxeratze kolektiboak eta indarkeria kasuen aurkako protokoloa. Indarkeria matxista ezabatzetik urrun egon arren, horrelako ekimenek indarkeria mota hau ikusarazteko, eta, hein batean, geldiarazteko ere balio dute, festak ahalik eta erosoenak izan daitezen bertan parte hartzen dugunontzat.

Amaitzeko, Festa Batzordeari esker hitzak besterik ez zaizkio geratzen. Bakoitzak bere lekutik bere alea jartzeak egiten ditu festak hauek hain berezi. Guri horrelako keinuek ematen digute urtez urte auzoko festak antolatzen jarraitzeko indarra eta gogoa.