Sanjuandegiko festak 2018

Agur, mantangorri!

Erabiltzailearen aurpegia XJ Auzolanean 2018ko eka. 6a, 11:20

Mantangorrik hartu du bere etxerako bidea. Ez dugu hitzik gure esker ona adierazteko, ezta ahotsik ere! Mundiala aurtengoa, gozatu ederra hartu dugu!

Burumakur ekin genion jaiari, Umeen Eguna antolatzeko deialdia egin eta inor ez zelako bertaratu. Baina indarrak batu, altxatu eta gaztetxoei merezi duten protagonismoa eskaintzea erabaki genuen. Eta ez gara damutzen! Jolastu, zikindu eta auzoa kolorez bete genuen beste behin. Hala ere, herrigintzarako eta auzolanerako deia egiten dizuegu guztioi, horrela lortuko baitugu herri aske eta parte hartzaile bat. Eskerrik asko, Lorekolore Koloreloreri bihotzak kolorez betetzeagatik, eta nola ez, Vivero elkarteko sukaldari kuadrillari, inoiz ez digutelako hutsik egiten! Ederrak makarroiak!

Ostiralean eman genion hasiera jaiari berri gazi-gozoekin. Herriko jaietan izandako liskar bateNgatik kartzelatuak izango dira Altsasuko gazteak, eta hori salatzeko eta elkartasuna adierazteko argazki erraldoi bat atera genuen. Besarkada estu bat guztioi! Erabakitzeko eskubidea ere presente izan genuen! Gu, Xj Auzolaneaneko kideok, ekainak 10eko giza katean izango gara! Gora herri libreak!

Ez dugu salaketa telefonoan deirik jaso; pozgarria da. Hala ere, garbi dugu horrek ez duela esan nahi erasorik egon ez denik. Beraz, norbaitek gurekin harremanetan jartzea nahiko balu, idatzi auzolaneanxj@gmail.com helbidera. Eskerrik asko, tabernariei eta txosnan eta karpan lanean aritu direnei, protrokolarekin bat egiteagatik. Eta eskerrik asko, Azpeitiko Basanderiek taldeari, herrian feminismoa lau haizetara zabaltzeko egiten duzuen lanagatik. Guk jai seguruak eta askeak sortzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.

Guk argi dugu. Festa baliatzen dugu gauzak beste modu batera egin daitezkeela baieztatzeko. Festak eraldaketa sozialerako giltza dira. Eta aurtengoan ere horrelaxe izan da. Badoa mantangorri, baina auzolanaren filosofia auzoan gelditzen da. Beraz, zabal dezagun filosofia hori gainontzeko egun guztietara! Jarrai dezagun biharko auzoa praktikatik eraikitzen.

Besterik gabe, eskerrik asko, beste behin, guztioi! Eskerrik asko, Haujijijai batzordea, Azpeitiko Sare, Azpeitiko Ernai, Orkatz kultur elkartea, Azpeitiko Gaztetxie, Dinamoa, auzoko tabernariak eta dendariak, udaleko brigadari... Ziur norbait aipatzea ahaztu zaigula, aldrebes xamarrak baikara horretan, baina tira!

Orain, Urrestillako Festa Batzordeko sorginen txanda da! Bertan elkartuko gara suaren bueltan! Zaindu lagunok!