Txapelak, podiumak eta emaitza bikainak, Gipuzkoako Kros Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Xeye Atletismo Taldea 2014ko abe. 16a, 15:23
Joan den igandean beste zita garrantzitsu bat izan genuen atletismoarekin. Oraingo honetan Gipuzkoako txapelak zeuden jokoan Eibarren, Arrateko krosean.\ \ Bagenekien taldea bikain prestatuta iritsi zela egun horretara, baina egunetik egunera gehiago harritzen gaituzte gure korrikalari guztiek. A ze maila erakutsi zutena, guzti-guztiek!\ \ Lehenengo lasterketan gure junior neskak izan genituen. Bazegoen itxaropena eguneko lehenengo podiuma zapaltzeko eta ez zigun hutsik egin Ainhoa Condek: 3. postu bikaina lortu zuen. Aiora Altuna ere ez zen atzean gelditu eta 5. postu on batean helmugaratu zen. Hutsik egiten ez duten bi neska bikain!\ \ Eguna ongi hasi genuen, eta jarraipena emateko jubenil nesken ordua iritsi zen. Eta a ze poza eman zigun Jone Zabaletak, bi eskuak gora jasoz helmugaratu zenean! Gipuzkoako txapeldun beste behin! Baina ezin da ahaztu beste taldekideek egin zuten lan bikaina. Leire Beristain 16. sartu zen, Sara Arrieta 19. eta Leire Larrañaga 23. Zorionak neskak!!\ \ Eta gure junior mutillen garaia iritsi zen. Gure kategoriarik indartsuena dudarik gabe. Itzela da mutil hauen maila. Aitor Madrazok eta Jon Perezek lasterketa guztia batera egin ostean, Aitorrek lortu zuen lehenengo postua; Jonek bigarrenarekin konformatu beharra izan zuen. Martin Larrañagak debuta zuen krosean eta ongi defenditu zen lokatz artean. 5. egin zuen. Eta berarekin ia batera Ikram sartu zen, 6. tokian.\ \ Gizonezko senior mailan ere bagenituen korrikalariak. Eta hutsik egiten ez duen Pedro Muñozek beste behin podiuma zapaldu zuen! Hirugarren postua berarentzat izan zen. Aitor Sotilek ere gustoa hartu dio lokatzari eta hor izan genuen borrokan; 27. amaitu zuen. Eta ezin ba ahaztu Asier Aizpuru. Promesetan lehenengo lasterketa zuen eta lan ona burutu zuen honek ere: laugarren postua eskuratu zuen.\ \ Ezin genion gehiago eskatu goizari. Guztiek gustora amaitu zuten lasterketa eta ez egin dudarik hurrengo lasterketan ere han izango direla, duten guztia emateko. Zorionak talde guztiari! \