Grabitatearen kontra

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Borda 2016ko aza. 11a, 14:13

Hurritz, miraz naukazu begira egongelako sofatik. Hanka-besoak luzatzen dituzu ipurdia altxatu nahian, behin eta berriz. Zuri begia emanda ederki ikusten da ikusi ezin daitekeena ere. Airean dabilen plastiko pol-tsak haizea bezala, zure eginahalek grabitatea erakusten dute.

Aspiragailu erraldoi bat da zapaltzen dugun mundua. Bereak garela eta beretzat nahi gaituela diosku teinkada bakoitzean. Indar ikaragarriz egiten digu tira eta tira, noizbait guk amore eman eta irensten gaituen arte.
Horregatik zait zure kemena liluragarri. Munduaren indar zurrupatzailea bera baino hamaika aldiz handiagoa da zure ekina. Zainean ekarriko zenuen etengabe gora egitera bul-tzatzen zaituen gaia. Nahiz eta erori, nahiz eta buruarekin zorua jo, erakarpen indarraren kontra altxatzen zara. Eta badakit irabazi egingo duzuna behin-behineko borrokaldi hau: laster jarriko zara zutik.

Gure artean ez dira sarri ikusten zutik eusteko egiten diren ahaleginak. Hain dira urriak, ikusi ahala geuretzat hartu nahi izaten ditugula egunerokoan topatzen ditugun oztopoak gainditzen lagunduko digutelakoan. Kutsakorra baita adorea. Azkena Ibon Iparragirre presoaren senide eta lagunek Donostiako Zinemaldian egindakoa daukat gogoan. Ahanztura indar guztien kontra, zine jaialdiko aulkietatik jaiki eta preso gaixoak behar bezala etxean artatzeko aldarria zabaldu zuten mundu osoaren aurrean zutik jarrita.

Hurritz, zure esfortzua ikusiz nire barnean ere berpiztu egiten da behinolako grina hura. Zuk jarraitu tente jartzeko ahalegin horretan etsi gabe, eta berehala lortuko duzu zure aita ere egongelako sofatik jaikitzea.

(187. Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia).