I love sega-poto

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2016ko aza. 30a, 15:59

Oraingo kolaborazio honetan ere dakitenek diotenarekin ez nator bat. Azken finean, egia izango da kontrax bat naizela (dakitenekin bat nator ezaugarri hori azpeitiar peto orok DNAn serietik dakarrela diotenean, alegia).

Sega-potoa, hau da, telefono mugikorra, seme-alabei zenbat eta beranduago eman askoz hobe omen da. Ez jauna eta ez andrea. Arrazoia ia seguru dakitenena izango da baina nik kontrakoa uste dut. Erabilera kontsumista albo batera utzita, haurrak gaur egun ezinbestean mobilaren inguruan bizi behar du. Gaur ia dena eta bihar dena, telefono mugikorrak jotako doinuekin dantzatu beharko dugu. Berriari diogun beldurra ulergaitza egiten zait. Noski, arriskuak dituela... baina abantailak... zenbat abantaila.

Haurrak teknologia berrien erabileran hazi eta hezi beharko ditugu, haietaz beldurtu eta gure garaiko sorgin, mamu eta deabrutzat hartu beharrean. Teknologia berriak magiarekin lotuko nituzke nik. Orain gutxira arte, burutik pasatu ere egiten ez zitzaizkigun zenbat gauza egiteko aukera eman digu makila magikoaren tamaina berekoa den tramankulu alu horrek. Mundu berri baterako ateak ireki dizkigu edo aurrez aurre geneukan mundu ezezaguna gerturatu eta esku-eskura utzi digu. Zoragarria. Badakizue zer, uste dut berriari beldurra diogunean hasten garela zahartzen.

Eman beldurrik gabe sega-potoa haurrei. Baina nola erabili behar den erakutsi. Sega zorrotza beti baita arriskutsua, baina kamutsa are arriskutsuagoa.

 

(Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikulua)