Buklea

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2016ko abu. 22a, 12:09

Puf, hau da hau abiadura. Dena azkar doa, oso azkar, azkarregi. Zer egunetan bizi naizen badakit, baina zer urtetan ez. Hau dek hau zahartzie! Astelehen goizean ostirala iristea ezinezko ikusten genuen sasoia joan zen; orain, momentua luze egin liteke, baina urteak, hilabeteak eta egunak, denak, Txikiye bihurguneetan, atzea oker-oker eginda baino biziago goaz. Martxa honetan, 100 urte harrapatzea errazegia iruditzen zait. 

Maleta egin, eta metropolia utzi eta udako kolonian gaude. Bertako natiboak (Aitorren garaitik erroak bertan sustraituta dauzkatenak) bertako agintariekin haserretzen dira gure erruz euren bizi kalitatea kaxkartzen delako. Ni neu, beti, nagoen tokikoa sentitzen naiz. Egon naizen leku guztietan etxeko sentitu naiz. Mare Nostrumean barrena noraezean dabiltzan gizakideak ere ahal duten lekuan etxeko sentitzea nahiko nuke (orain ere neure burua zuritu eta lasai gelditu naiz. Urbieta: hitz gutxiago eta ekintza gehiago). 

Munduko aldizkaririk onena zure etxera iristen denean, zauden tokian zaudela, herriko festa jendetsuenak hastear izango dira, suzia lehertzear. Herritar askorentzat urte gogorrak dira, baina badirudi ziaboga eman eta norabidea zuzentzen ari garela. Sufritzen ari denarekin elkartasun osoa, babes osoa. Argia ikusten hasi direnei eta, arazoak arazo, beti eguzki epelean egon direnei, festei zuku guztia atera diezaietela. Eta gazteoi, gazte zaretenez, etxekoen txapei entzungor egin eta beldurrik gabe barruak eta bazterrak erre, erre eta erre. Bestela galdetu Patxiri zuen gurasoak nola ibiltzen ziren. Beno, gurasoak eta... aitona-amonak ere bai (patxipedia). 

Feston, udon eta oporron!!!

(Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).