Haragia

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2016ko ots. 26a, 10:31

Vaticanon nagusi (edo morroi) den Aita Patxi eta bere zerbitzari zintzo diren nire lagun Kepa eta Pello haserretuko bazaizkit ere, txikitan irakatsi zidaten Kristau-Ikasbidea neure erara moldatzea erabaki dut. Zeruak ez nau erakartzen, arazorik gabeko betirako zoriontasunak erabat atsekabetzen nau.

Eskandinabiako herrialdeetan bere buruaz beste egitearen tasa handiagoa da bertako herritarrek bizimodu erosoegia dutelako. Zeruaren ordez, berraragiztatzea eskaintzen du neuretzat tuneatu dudan erlijioak. Energia ez bada ez sortu eta ez desegiten, eraldatu egiten bada, gure energia ere gorputz batetik bestera eraldatuko da. Kitto. Edo amen Jesus.
 
Hori horrela izanik, galdera bat bestearen atzetik lepo gaineko ipar poloan. Abitainetik bueltan, zer izan nahi ote nuke? Gizon ala emakume? Zintzo ala granuja? Dirudun ala burudun? Eta garrantzutsuena, nondarra izan nahi ote nuke neure neurrira egindako gorputz berri eta lirainean? Benetako egia esanez gero, benetan bizitzea posible den edozein lekutan, batean edo bestean argia ikustearekin konforme nintzateke. Bizitza da nire aberria. 
 
Berriro Azpeitian sortuko banintz ere ez nintzateke petralduko. Bihotza eta arima euskalduna duen Azpeitian. Banan bana hitza hartu eta, beharrezkoa bada, deabruarekin hitzartu. Betiko deskonexioa ofizial egin. Ekainaren 12an. Gorputz honek erein dezala bihotzak, arimak eta buruak nahi duen gure herria. Hamar urte azpitik bai?

(Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).