Gu bezalakorik ez

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2015ko eka. 18a, 11:59

Onak asko dira, oso onak ere izan badira, baina gu bezelako mendizalerik, gutxi. Hori da euskaldunek uste dutena. Euskaldunek hori uste badute, guk azpeitiarrok, zer sentituko ote dugu. Ba, horixe bera... beste alor askotan bezala, eta honetan bereziki, onenak ez, los 'p...amos' garela. Historiagil gehienek diotenez, gu gara, gu bai, azpeitiarrok, hilamaiarismoaren sortzaileak.

Nola bestela, Takolo eta Arrueren laguntzarik gabe Zabaletak Everesteko tontorrean ikurriña jarri. Edo norbaitek pentsa lezake 'Izarraitzetik Everestera' liburuaren protagonistaren laguntzarik gabe Juanitok, Albertok ala Edurnek, inoiz, hamalau tontorrak zapalduko zituztenik? Eta Benantxiori bururatu ez balitzaio, Yalun Kang-eko tontorra oraindik ere han goian egongo zen. Bakar bakarrik. Harrokeria dirudi, baina egia bat eta bakarra izaten da. Xoxotekumeok, Ernioko oxigenoa arnastu dugunok, kanteran eskalatu dugunok, mendi kontuetan arraza berezia gara. Toparen topa.

Himalayan Loiolako paseoan bezain eroso sentitu gara. Tarteka, Everesteko trekiñean abuztuan Zarautzen adina azpeitiar ibili da. Etxean bezala, etxekotzat hartu gaituzte.

Kontua da, geure sentitzen dugun hori, mundu osoan ezagun egin gaituen lurralde hori, ama-lurraren dardarak erabat suntsitu duela. Orain 35 urte gure herrian aintzat hartu genituen sherpa haien ondorengoak ezer gabe gelditu dira. Lehen ere ezer ez zuten, baina orain bizi-pozik ere ez. Eta orain gure txanda da. Munduan gu bezalakorik ez dela erakusteko unea, 'los p... amos' garela frogatzeko garaia iritsi da. Zuen dena eman zigun herriak orain gu behar gaitu, Nepalek zu behar zaitu. Zalantzarik ez dut. Azpeitiarrok ez dugu hutsik egingo. Ezetz?

Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau.