Loteria

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2014ko abe. 16a, 10:44

Osasuna omen da loteriarik onena. Galtzen dugunean bere balioaz ohartzen garen osasun horixe. Esaldi borobila bai, baina egia berdaderoa ez. Geure burua engainatzeko erabiltzen dugun trikimailua. Hitzak eta esaldiak, sarritan, tranpatiak dira. Osasunik gabe jai; jaia ia denon ametsa. Beraz, logika (zuzena?) erabiliz, osasun eza eta jaia bat lirateke. Eta saltsa horri loteriaren osagaia gehitzen badiogu, osasun eza = jaia = loteria, alegia, loteriarik onena ez litzatekeela osasuna.

Irauteko ezer gutxi behar da; bizitzeko, asko. Ezinbestekoa garunak lanean jartzea. Era batera edo bestera, gure kontura bizi nahi dutenek, euren hamar agindu magikoak eman dizkigute. Trukean, batzuk, zeru lurtiarra agintzen digute; besteek, zeru zerutiarra. 

Agindu santu eta magikoak aztertzeko neuk ere gutxitan jarri izan ditut nire garun apurrak dantzan. Eta jarri izan ditudanean ere, berehala off-ari eman izan diot. Loteriarik onena osasuna denaren hori da agindu horietako bat. Bai, egia da, osasunik gabe ezer gutxi, baina osasunarekin bakarrik ere... Eta osasuna zer da? Fisikoa, psikikoa, materiala, espirituala? Osasuna gure bizitzaren motorra izan liteke baina motor hutsarekin, zilindro asko izan arren, urrutira ezin joan. Osasuna bai, baina bizipoza, amets egiteko gaitasuna, inguru egokia, pare bat lagun, bizio bat edo beste eta lau pezeta ere bai. 

Burukomina duenak osasunik ba ote du? Loteriak herriko tabernariei burukomin ederra jarri die. Aurten guk, barraz kanpokook, loteriarik erosi beharrik ez; tokatzen bada, egon lasai, zure betiko kamarero kuttunak sobre batean gordeta izango du zure dezimo saritua. Ez izan zalantzarik. Patxi, Inixio, Joxean, Jabi, Joseba eta abarrok, badakizue...

Abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.