Kinto kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2014ko uzt. 16a, 12:47

Aldizkari honetan idazten dutenen artean zaharrenetakoa ni neu izango naiz. Txetxu, lasai, aldizkari gazte eta frexkoa duk, hemen idatzita beti gazte. 40ko muga gaindituta, batzuk diote nolabaiteko krisia sortzen dela, urteen zama onartu ezina. Krisi horrek jo ez nauelakoan nago baina, egiari zor, aspaldian gazte, zahar eta horrelako kontuak bolo-bolo darabilzkit.

Kontua da, dakitenek diotenez, inoiz kolpe zorrik jo ez duen horrek jubilatzea erabaki duela eta aginte osoa, alegia, zorrien patentea, bere semearen esku, edo buru, utzi duela. Indarrean datorren belaunaldi berri bati lekukoa emateko garaia dela esan du gizonak. Belaunaldi berria? Indarrean datorrena? Hau duk hau poza. Agintari berria, legez bekaturik ez duena, irakurri ondo, nire kintakoa da. Beraz, aldizkari honetako hizki-jostun zaharrenetakoa da, gizartean indarrez gainezka dagoen gizaldi berriaren adierazle, ikur edo irudia, zeuok aukeratu.
 
Indarrean, sasoiko dagoen belaunaldi hau izan zen soldaduskari ihes egiteko aukera izan zuen aurrenekoa. Batzuk aurrez aurre ezezkoa emanez –aurreneko objetoreei miresmen osoa–; beste batzuk, neu tarteko, bat bateko buru gaixotasun bitxiak asmatuz –eskerrak konplize izan genituen medikuei ere–.
 
Erabaki orok albo-kalteak ditu. Nireak bakar bat izan zuen: benetako kinto bazkaririk ez. Pentsatzen hasita, bere garaian nire betebeharra gizontasunez bete izan banu, agian, gaur jaun eta jabe denarekin kinta bazkariak egingo nituzke. Eta emaztea nire lankidea duenez, zergatik ez, uda elkarrekin Mallorkan pasatu. Ba... ez, nik uda, oraingoz, Zarautzen; eta nire jainko jauna, zerbitzari izango nauen errege bakarra, Nafarroako erregea eta Atarrabiako jainkoa.
 
Uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.