Periye

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2014ko ots. 26a, 11:26

Ikusi besterik ez dago. Kalekume peto-petoa naiz, kaxerotik ezer gutxi daukat. Baina hori axaleko kontua da. Zu eta ni, biok, eta Uztarri berean lotuta gauden denok baserri-kumeak gara, gure zainetan ikuilu giroko odola daramagu (eau de ximur). Inongo lotsarik gabe aldarrikatzen dut nire jatorria. Geure burua kalekumetzat daukagun ia denon gurasoak baserritik jaitsiak dira, eta gurasoak ez badira, aiton-amonak seguru. Orwellen eboluzioan kaxeroak agropijo bihurtu gara. 

Kontua da, denok hain gertuko eta etxeko genuen baserria, gure ondorengoek oso urrunekoa izango dutela. Beraientzat baserriko kontuak, Olentzeroren kontuen pareko izango dira. Lotsarik ez daukat, barkamenik ere ez baina etxe askotan gertatuko da: alaba zaharrena bederatzi urte egitear dago eta ikusi dituen behiak liburuetan eta telebistan bakarrik ikusi ditu (edo bide bazterren batean kotxean doala). Lehen andrearekin galtzen ziren puntuak, orain seme-alabekin galtzen ditugu (izan kupida). 
 
Hori guztia urtarrileko periyek eragindako burutazioa da. Txapelak bai, matraila gorriak ere bai, eta batez besteko adina mezetakoaren parekoa, 70 urteren bueltan, eta lau hankakorik ez, erabat peri begetarianoa. Hileroko hirugarren asteazkenetako baserritarren festa azkenetan da eta periaren azkenarekin batera, gure zatitxo bat ere itzaliko da. Horiek ere aldatu dira (praka zuriak Lapatxen erre zituzten) baina zori-onez, akerren herria beti ondoan izango dugu.
 
Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.