Langileon burujabetzarantz aurrera!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sortu 2018ko api. 30a, 16:33
Aurreko ziklo politikoa amaitzear dagoela eta beste ziklo politiko baten atarian gaudela ospatuko dugu aurten Maiatzaren Lehena. Ezker Abertzaleak garbi du une historiko honen garrantzia, Espainiako Erresuma bere autoritarismoa eta itsukeria muturreraino eramaten ari den honetan, edozein bizikidetza aukera eta aldarri demokratiko zapuztu nahian.\ \ Jarrera horrek arlo guztiei eragiten die, baita lan esparruari ere. Ezker Abertzaleak garbi du burujabetzara jauzi egiteko arrazoiak eta aukerak zabaltzen ari direla. Horregatik, arduraz jokatu nahi du.\ \ Duintasuna helburu, langileok hainbat eskubide irabazi ditugu urteetako lanari eta borrokari esker. Patronala, PPren Gobernua eta Erresumako estamenduak prest daude horiek guztiak ezerezean uzteko. Erreformaz erreforma beraien klase interesak defenditzen ari dira, guk urteetan lortutako duintasunaren kaltetan. Iaz lan istripuz 54 lagun hil ziren Euskal Herrian; gazteei soldata miserableak ordaintzen dizkiete; prekarizazioa hedatzen ari da... Herri duin eta kohesionatu bat nahi badugu, hori guztia aldatu behar dugu. Ekin diezaiogun.\ \ Herri honetan bada zerbait berezia, bada grina bat etorkizun justu eta demokratikoa eskuratzeko. Azken hilabeteetan, langile mugimenduaren borrokez gain, kalean bizirik diren hainbat eta hainbat aldarrikapenez gain, pentsiodunen mobilizazioek eta aldarri feministek kalea piztu dute. Eta guztiek dute helburu bera: gure bizitzen duintzea.\ \ Erresumako botereguneei bost axola gure duintasuna. Beraien negozioak eta etekinak gizentzeko baino ez gaituzte nahi, beraientzat tresna hutsak baino ez gara. Guk, ordea, duintasuna bilatzen dugu, lanerako, bizitzeko. Duintasuna behar dugu, azken batean, herri gisa, jendarte askea nahi dugulako. Norabide horretan, lehentasunez hartu beharreko neurri hauek ezinbestekoak iruditzen zaizkigu:\ \ • 1.200 euroko gutxieneko soldata.\ • 35 orduko lanastea.\ • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.\ • Emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakalaren ezabatzea.\ • Enplegu publikoa sortzea.\ • Prekarizazio formula guztiak baztertzea.\ • Lanetik etxera bizirik eta osasuntsu itzultzea.\ • Euskaraz lan egin ahal izatea.\ \ Azken batean, eraldaketa soziala nahi dugu, duintasun osoz bizi den jendartea nahi dugulako. Langileok burujabetzarantz aurrera egiten jarrai dezagun. Langileok eraikitzen dugu herri hau, eta erabakiak geuk nahi ditugu hartu, betorik gabe. Espainiako Erresumak ez digu gure lan-baldintzak hobetzeko errezetarik emango, ez digu gure bizimodua hobetuko. Gure borrokak ekarriko ditu emaitzak. \ \ Maiatzaren Lehenean Zumaian 12.00tan Beheko Plazatik abiatutako LABek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten dugu.\ \ SORTU\