Atzokoko zentzugabeko atxiloketak guztiz lekuz kanpo daude

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sortu 2014ko mar. 20a, 11:05
Atzo goizean, Gasteizko campusean preso dauden ikasleen aldeko ekimenean gertatutako jazoerak gogor salatu nahi ditu Azpeitiko Sortuk. Gazteen kontra ertzaintzak azaldutako jarrera bortitza, egun bizi dugun itxaropen aldian lekurik gabekoa eta guztiz lotsagarria da. Euskal preso nahiz iheslariek emandako pausuen aurrean, hauen eskubideak defendatu beharrean, eskubide horien bermea aldarrikatzen dutenen aurkako jarrera hori onartezina da. \ \ Ertzaintzaren jokaera hau EAJren ordezkarien mezu bortitzaren isla eta ondorioa da. Euretako batzuk presoekiko elkartasuna hitzez kriminalizatzen duten bitartean, beste batzuk, ekintzen bidez egiten dute berbera. \ \ Euskal gizarteak, dagoeneko, behin baino gehiagotan, modu ozenean aldarrikatu duen arren, euskal preso politikoen eskubideen defentsa aldarrikatzen jarraitu beharra dago. Gatazkaren konponbidearen aurrera egin ahal izateko, lehentasunezkoa da presoen eskubideen bermea ziurtatzea. Konponbiderako garaia da eta lanean jarraitu behar da euskal preso eta iheslarien eskubideak errespetatuak izan arte. Guztiak etxeratu arte. \ \ Azpeitiko Sortuk, atzo atxilotutakoei gure babesa agertzen diegu eta bereziki gazte azpeitiarrari. Bestalde, deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du.