Lotsak agerian

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2017ko mai. 12a, 11:17

Animalia eta abereekin nagusi kupidagabe izaten irakatsi ziguten, piztiarekin pizti. Txoriak harrikatu, zakurrak ostikotu, narrastiak xerratu eta edozer gauzaren habiak zirikatu eta birrindu. Su, fu, tiro, kolpe... jolasek ez zuten kupida edo mirazko inolako mugarik. Pertsonekiko tratuan ere ez zegoen gaur, zorionez, daukagun eskubideen kontzientziarik eta guztion balio berdintasuneko aldarrikapenik.

Bazter askotan arratoiak harrapatzen zituzten. Baziren zepo batzuek, kaiola gisakoak, zeukaten kakoan gazta azal puska bat kateatuz arratoiak harrapatzen zituztenak. Arratoiak, baina bizirik. Gazta puskari heldutakoan, hozkadak eragiten zion ateari eusten zion pertika txiki bati eta atea erori egiten zen. Arratoiak bizi-bizirik gelditzen ziren bertan.    

Kaiola hori herriko mutikooi esku uzten ziguten, neskek primariotasuna jolas sibilinoagotan erabiltzen zuten, eta jolas egiten genuen harekin. Herriko kale etxetan zeuden arratoi zakurretako bat hartu, Pittin izaten zuten izena beti, eta plazara joaten ginen. Plazaren erdian jartzen zen mutikotako bat kaiola lurrean jarrita eta haren atakari helduta. Zakurra haren inguruetan hortzak estutuz eta zaunka aurreko hotsak ateraz. Mutiko guztiok, plazako ertzak zaintzen jartzen ginen, arratoiak ihesian jo ostikoz eta plaza barrura itzul arazteko. Ez ziren iristen. Ataka jaso eta ateratzen zirenean Pittinek ibilian harrapatzen zituen, krausk egin lepa hezurrean eta bertan akabatzeko. 

Zezenketak

Haurtzaro hori edo antzekoa izan dugunok zezenketa errefinamendu gorena kontsideratzea ez da harritzekoa, baldin eta inolako beste erreflexio edo burutaziorik egiten ez badugu. Hauek ere zibilizatu ahala, zibilizatuko gara inoiz!, inoizkoan jolas haiek bezala desagertuko dira. Lehen esanagatik ere aprobetxatu beharko dut parada, Azpeitian herria zezenketekin identifikatzeko ahalegina baino gauza gutxi egongo dira atzerakoiagoak.
Ez zuen hala pentsatzen joan zen egunean Donostiako autobus batean agurtu ninduen emakume borondate oneko hark. Elkarri, ez baikara asko ezagutzen, agur keinu sotil bat egin ondoren jaitsi zen emakumea. Erosketak eta gainerakoak lurrean utzi zituenean berriro agurtu ninduen autobus barrura.

¡Ah! Se me olvidaba. Gracias por permitir que haya toros–, esan zuen batere ironiarik gabe.
Autobuseko azkeneko lerroko erdi-erdiko jarlekuan eserita nindoan. Bidaiari guztiek, txoferrak ezetz uste dut, jiratu zuten burua eta jarri ziren niri begira. Lotsa guztiak neure bizkarrera bota eta, ateak ixten ziren bitartean, ahal nuen umilen zerbait erantzuten saiatu nintzen.

Hace mucho que nada tengo que ver con esas cosas.

(Uztarria aldizkariaren 193. zenbakian argitaratutako iritzia)