Inazio Uriaren itzal hori

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2017ko urt. 24a, 19:04

Aukerakoak izanik deskontentu edo haserreen motiboak, ez dira beti egoten nor bere gain. Haserrea bestek eragina dugunean auzia eutsi eta gorde ala agerian jarri eta bota, erabakitzea izaten da. Erabaki zaila, ondo pentsatu beharrekoa.

Haserre kolektiboak, gutako bakoitzarengan eragin nabarmena izaten du eta gizartea, arrazoiz bezala gabe, zitaldu eta petraldu egiten du. Haserre egonik bakoitzak bere sentimendua eta borondatea besteokin konpartitzea erabakitzen dugunean, arazoa edo auzia konpondu asmoz edo nahastu asmoz, ondoeza baretu edo besteei kutsatu egiten diegu. Haserreen zerrenda luzeko azkenetako bat Gipuzkoako Zubietan ezarri behar den erraustegiarena da. Badirudi, gaur egun, garrantzia handikoa izanik ere, hondakinen tratamendua dela gipuzkoarrok dugun hil ala biziko eztabaida nagusia, gainerako euskal herritarrek ez bezala. Ez soluziorik ez daukagulako, baizik eta bi edukiz batzuek besteena ez dutelako onartzen, eta alderantziz.

Gobernu batek egina, kosta ahala kosta, jo eta xahutu, denon diru guztiak errekara bota behar badira ere, errotik desegiten du besteak, hurrengoa iritsi eta, berriro, buelta osoa ematen dion arte. Bitartean asma ezin ahala soluzio txiki ugaritu da eta gutako bakoitzak burura ekarri ahalako argudio moxkorren errosarioa bukatzeko daukagu oraindik. Beste batean kontatuko dizkizuet etxe aurrean daukadan auzo konpostaren txistea eta etxola enigmatikoen alegia.

Gipuzkoarren gehiengo handiak erraustegiaren irtenbidearen aldeko arduradun politikoak aukeratu zituen, duela urte eta erdi, zigor politiko gogorra ezarriz erraustegiaren kontrarioei. Geroztik, orduan osasunaren defentsakoa zen diskurtsoa Donostia aldera mugatu da, kaltearen unibertsaltasuna Donostiatik Lasartera eta inguruetara mugatuz. Gainerakoetan eskuina eta bere konplize politiko eta ekonomikoen negozio eta balizko lapurretak haizatzea da nagusi.

Altuna y Uria

Bitxia da nola eskola, kultur etxe, ospitale edo gizarte ongizateko edozein instalaziotako obra publikoetako konstrukzio enpresak nekez erlazionatzen ditugun negozioekin eta lapurretekin, eta nola talde armatuak eta enparauek begiz jotako proiektuek, lapurreta faraonikotzat jotzen ditugun, pertsonak asasinatzeraino.

Onartezina egiten zait, eta esan beharrean gertatu, Altuna y Uria enpresaren aurrean egindako kontzentrazioa. Jende barregarri gutxi izan zen, gehiegi baina. Egun joanetako gau beltz hiltzaile eta odoltsuaren itzal luzea iruditu zitzaidan, eskubideak errespetatzen ez ziren garaietako mamua, bere gainetik lotsa guztiz kendu ezin duen herri baten arimaren zatia, Azpeitiarik doilor eta mingarriena.

 

(2017ko urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)