Garbi esan

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2015ko aza. 17a, 12:07

Telefono zenbakiari tankera hartu zion, irrati edo telebistakoa izan zitekeela, ez behintzat jasotzen zituen ohikoetakoa. Telebistakoa zen, egiten zuen lanean ilusioa zuela zirudien emakume baten ahotsa entzun zuen. Beragan pentsatu zutela programa batean parte hartzeko eta horren nongoak eta zergatiak argitu zizkion, ezetz esaten ikasia zegoen baina, oraingoan, proposamena bukatu artean behintzat ez zitzaion halakorik ateratzen.

Programa jakin batean kantuan egitea proposatu zioten. Segundo erdi batean sentzazio zahar asko irudikatu eta gogoratu zituen: nola orain hogei bat urte, herritarrak pantailara kantuan egitera eramaten hasi zirenean, ezetz esan zuen, ez daki garbi zer arrazoigatik baina, bere mundu txikiarekin haserre harrapatu zutelako izango zen agian; ez zioten esplikaziorik eskatu. Burura etorri zitzaion gustu tonto horrek nola harrapatzen duen eta nola pantaila aurrean, errepika errepikaren ondorena inporta gabe, lerdoa bezala aritzen den kantari etxeko kantu jira zigortzaile horretan; nola bilobarekin eta sutsuago aritzen den horretan, zalantza izateraino kulturarekiko beratasuna transmititu ordez bertso doinuak sartu ote dizkion odolean.

Euskal Herrian Euskaraz kanta kantatuko zukeela esan zioten. Berak ez zuela inoiz, kanta horretako hitza, 'bota dezagun demokrazia zerri askara' kantatuko, gaizki iruditzen zitzaiola komunikabide publikoak proposamen hori egitea, eta berari egitea oraindik eta gaizkiago esan zion. Eskertzen ziotela hain garbi hitz egitea, oso sintzeroa izan zela erantzun zioten. Sintzeroa! Izorra hadi! Putakume edo lapurra min gutxiagorekin entzungo zituen. Ulertzen? Ez? Hortxe dago, bada, gure koska. Hortxe!

(Azaroaren 13an El Diario Vasco-n argitaratutako iritzi artikulua).