Politika, ororen gainetik

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2011ko urt. 23a, 23:01

koma baten bidez okerrak zuzendu asmoz

Nork daki ez ote den izan gure etsipenaren historia unibertsalean, zapuzkeriaren katean, beste kapitulu edo katemaila bat. Komunikatua irakurrita, kazetari ez hain gazte hari pasatzen zaion beretsua ez sentitzeko arrazoi berezirik ez dute ematen hiru hizkuntzatan irakurritako lerroek. 1998an une historiko bat bizi zuela iruditu omen zitzaion, eta ondoren gertatuek adjektibo horren kontzientziaz txertatu omen zuten. 2006an emozionatu egin omen zen berriro, eta horregatixe, hain zuzen, garraztasun bereziz gogoratzen omen ditu azken urteetako erailketak. Eta, oraingoan, egia dirudiela esan dioten honetan, gogaitasun ezezagun bat sentitzen omen du.

Hitzak hitz, ñabardurak ñabardura, ez nuke esango euskal gizarteko jende ugariren sentimenduen argazkia hau edo antzekoa ez denik. Iragarriaren iragarriz, eskatuaren eskatuz, exijituaren exijituz, beharraren behar gorriz, esango nuke beste zerbait zela espero genuena. Bitartekorik gabe, itzultzaile, exegeta eta interpreterik gabe ulertuko genuen zerbait, gerra galtzearen adierazpen izan gabe, noski. Eta, berriro, kazetari gazteari jarraiki, periodiko zahar bat irakurtzearen pareko izan da, hitz zaharrak, asmo zaharrak, eskema zaharrak. Egoera ote aldatu ez dena, edo ahitu dena; edo gure begirada da zahartu, zaharkitu, baliogabetu dena. Ezin du gazte batek adierazpen tristeagorik egin, hori ez baizik egoera berri bat nahi eta behar den unean.

Itxaropenak, hala ere, izan nahiak, zehaztasun eta datu gehiago eskatzen ditu. Etorkizun egarria ezin da ase hori eta horrenbestez, eta inguruari behatu eta galdera egitea ezinbesteko bilakatzen da. Egia da batzuk poz zoro bezain itsuan murgildu direla, inoiz erakunde armatua kritikatu ez dutenek irakurketa positiboa egin dutela hitzen esanahian ere, euskarazkoenean barne, banatu eta kontrajarritako gizarte batean biziko bagina bezala. Beste batzuek, oraingoan ez hainbestek, irakurri beharrik gabe adierazi duten bezala, esanak esan alferrik da, dugu, dute. Baina begi bistakoak, zenbait arrazoi aipatuko nituzke, arrazoi, erantzun edo erreakzio.

Ezker abertzale deituarena, erakunde armatuarekin desadostasunik esplizitatu ez zuen ezker abertzalearena esan nahi da bat baino gehiago badaudela esate aldera, nabarmen samarra ote den nago oraingo honetan. Komunikatuaren iritsiera ospatuz, gero eta ñabardura gehiago eransten ari zaio gizarte guztien bistan oinarrizkoa den su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarri omen horri, direla eskaerak, direla exijentziak, direla konpromisoak, baina gero eta sineskorrago egiten dira eratu nahi den alderdi politiko berriaren gutxienekoak horiek izango direla, eta gero eta behartuago ote dauden dirudi euskal gizartea eta Espainiakoa hori onartzera.

Erakunde eta botere publikoena litzateke bestea. Herritarrek ez bezala, eta horiek baino azeriago izateko premiaz, ez dute ohiko irakurketa egin, eta gero eta maizago, ozenago eta esplizituago adierazten digute une honetakoa aurrez aurreko dinamika armatua ez beste zerbait dela, ez dela kontua indarkeria eta biolentzia soila, beste zerbait ere badela. Eta horrek, hala fede, sinetsarazi egiten digu idatzi ez den eta irakurri ez dugun beste zerbait itxaropentsua badabilela azpian edo ezkutuan. Tristea da fede itsuan bizi beharra, baina eman dezagun ontzat, behin-behingoz, behin betirako mesede baten itxaroan.

Eta badirudi gainerako alderdi eta agente politikoek ere ontzat eman dutela, inoiz ez bezalako batasunarekin gainera, — alderdi popularra bera ere isilik!—. Isiltasuna ere, batzuetan, politika da, bide politikoa.

Nahi nuke seinale horiek izatea sinesgarritasunarenak, gertakizunaren atari, baina uste dut ez dugula ahaztu behar komunikatuko hitz zahar horiei jarrera berriek emango dietela sinesgarritasuna, esanahi berria, esanahi partekatua eta horren ardura nagusia ETAk berak duela, esklusiban. Hori aurpegiratzen diogula eta hori, ez beste, exijitzen diogula oraindainokoan politikan sinetsi izan dugunok.

Politikan sinetsi esan dut, politikari, politikagintzari balioa eman. Horixe dela uste dut hemendik aurrerakoaren gakoa, politikan itxaropena izatea. Euskal gizarteak bekatuetan bekaturik badu politikari dion beldur eta mespretxuan dagoela uste dut. Hala izateko merezimendurik egin du, egin dugu, politikako profesional ugarik. Abertzalekeria oro herritartasunaren, zibiltasunaren, pertsonatasunaren aurretik jarri izan digute. Erlijioak berak, Jesusen bakeak, aurrea hartu izan dio herritartasunari. Herritartasunaren garaia, bide politikoen garaia, eta politikaren desprestigiorako eman ditugun pauso eta jasanarazi dizkiogun bortxakerietan erremediorik gabe atzera egiteko garaia da. Politikaren balioa deskubritzekoa, herritartasuna goraipatzekoa, izan ala ez abertzale, edozein motatako abertzale.