Sanjoanak eta gu (zein?)

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2008ko eka. 9a, 02:06

             Edozein ordenatan, Sajoandegiko festak, Oskorri, San Joan suak, ez dakit nondik hasi baina mihi puntara batek entzun ahala hitz datozkit nire oroimenak kontatzeko. Ez denak atseginak, baina bai bitxiak gaur bizi dugunetik ikusteko. Nola izaten diren gaur eta nola izaten ziren atzo, protagonistak jende berdintsua izanik.

            Nire oroimenean, litekeena da oker egotea, Sanjonadegiko festak antolatzen 70eko hamarkadaren erdialdea baino lehentxeago hasi ziren, zein urtetan ez dakit justu. Ordurako fuerte genbiltzan gu Urrestillako festak antolatze lanetan eta ez zigun grazia gehiegirik egin Sanjoadegin San Joan jaiak asmatu eta antolatzen hasteak. Urrestillakoak bezalako herri jaiei, Sanjoanei, bezeria baino itzala edo kategoria kentzen zien. Baina agoantatu beste erremediorik ez zitzaigun gelditzen. Kiroltasunez jokatu.

            1975.a urte beltza izan zen hemen hauetan eta udaberri iluna izan zen. Festen jira hasterako irailean afusilatuko zuten Anjel Otaegi kartzelaratua zegoen eta heriotza zigorra eskatzen zutela beretzako ere bagenekien. Nuarbeko Trinidade jaiak eta Urrestillako Korputzak normaltasunez ospatu ziren, halako normaltasunez non Nuarbeko festa antolatzaileek jai batzordearen taberna Otaegi beraren jaiotetxean muntatu zuten.

            Sanjoanak iritsi ziren eta, ia beste inon ez bezala, Urrestillako festak bertan behera uztea erabaki genuen eta suspenditu egin genituen. Suspenditzen saiatu ginen, halaber, antolaketarako hartuta geneuzkan konpromiso ekonomiko guztiak. Ezin izan genuen. Kontratatuta geneukan musika taldeak esan zigun haiek ez zeukatela zerikusirik eta gurekin hitzartuta zeuzkaten hiru egun hoietan non jorik ateratzen ez bazitzaien ordaindu egin beharko geniela. Sanjonadegin kontratu zituzten bi egunerako eta hirugarrena ordaindu egin behar izan genien.

            Ez naiz ahaztuko nola joan ginen Sanjondegira musikariei hitzartua ordaintzera eta nola itzuli ginen Urrestillara. Hemen, guk utzitako festen ordez, bizian lehenbiziko aldiz, eta oraingoz bai eta azkenekoz ere, Azpeitiko Udalak osorik ordaindutako festak zeuden, arimarik ez gure boikotari jarraituz, eta goardia zibiletako sarjentua neukan zain. “Usted ha estado prohibiendo el baile en sanjoandegi”

            Azpeitiko udalaren antolamendu porrot horrek hurrengo urtean diru gehiago exijitzeko balio izan zigun eta hala lortu genuen. Nuarben, tristuraren tristuraz, ez zela festarik egin uste dut. Urrestillan sanferminak baino luzeagoak eta jendetsuagoak egin genituen eta Sanjoandegin, nola ahaztu, lehendabiziko aldiz Azpeitiko lurretan, Oskorri taldea izan zen musika jotzen.

            Sasoi haietan Oskorri entzutea, famatzea, ikustea, kontratatzea, izendatze hutsa, bazela ere jakitea, bekatu zen. Abertzaletasun antimarxistak, Francorekiko baina komunismoarekiko kezka gehiago zuen abertzaletasunak, eta bai eta marxistak ere boikot latza egiten zioten, urte bete lehenago hila zen Arestiri egiten zioten bezala. Natxo de Felipek aktuazio bat baino gehiago bukatu zuen uretan, errekan edo itsasoan, harrikatua, etxekoen kontra txistua jotako futboleko arbitroa baino okerrago.

            Urte horretan ere goardia zibiletara buelta egin beharrean gertatu nintzen, ez politika arazoagatik oraingoan, eta hala esan zidan herrira iritsi berria zen sarjentuak. “Un vasco es, ha sido y debe ser siempre separatista, nunca comunista, como esos que vinieron ayer a cantar a Sanjuandegui, con todos los apellidos castellanos..”. Orduantxe uste dut hasi zela nire abertzaletasuna urritzen.

            Beste urte batzuetan jarraitu genuen Urrestillako gazte mordo bat herriko festak antolatzen, fu eta su, arrakasta handiz eta atsegin handiagoz, baina gureak ere izan behar zuen azkena eta iritsi zitzaigun uste ez genuen bezala.

            1979an izan zen. Ordurako gizarte onarpen hedatuagoa zeukan Oskorri geneukan kontratatua, antimarxistak berdin berdin ikaratzen zituen, baina Aresti gutartuago geneukan guztiok eta Etxepare LPa argitaratua zuten. Baina herri txikietako festek lehen krisi seinaleak ematen hasiak ziren eta diru arazoekin hasita geunden, ez zitzaigun iristen dirua eta eske hasi ginen. Apirilean indarrean sartu zen eta PNVk gehiengo absolutuz gobernatzen zuen lehen udal demokratikoarengana jo genuen laguntza eske. Ez genuen aurreikusitakoa baino xemeiko bat gehiago lortu, PNV hasia zegoen ordurako inoiz okupatu ez zituen gizarte esparruak okupatzeko saioak egiten eta andafuerako soinekoa eman ziguten, beste zenbait herritan bezalaxe. Geure egitarau osoa entregatu behar izan genuen, etsaiari armak entregatzen zaizkion bezala, eta Urrestillan, inoiz baino bertako jende gehiago inplikatuz eta “Gora zaharrak” oihu eginez gu beharrezko ez gintuen beste antolamendu aro berri bati ekin zitzaion, Azpeitiko udalaren inbolukrazio maila handixeagoarekin.

            Harriduraz ikusi genuen nola zaharrek, zahar deitzen zirenek, kudeatu zuten Oskorriren kontzertua (sineste dunek bere jaungoikoagatik eta sineste gabeek berriz beren ohoreagatik), zer normaltasunekin. Normaltasun antzekoarekin ikusi behar izan genuen guk, nola Sahatsa dantza taldea festa programatik haizea hartzera joan zen eta ordez, herriko soinujoleak bildutako neskato txiki talde batek baserritar jantziz pajaritos por aquí, pajaritos por allí dantzatu behar izan zuen (Maria Jesús y su acordeón).

            Eraman zituen haizeak kontu eta komeria haiek eta urrestildarrok kapaz gara ia guztiok elkarri irribarre egiteko, baina batere irribarre gogorik eragiten ez diguna, batzuei behintzat, zera da, Azpeitian, udala medio edo udala nagusi, azken urtetan modaratu den San Joan bezperaren ospakizun hori. Ze koño gero! Urrestildarrek eta oinaztarrek ez al dute errespetorik merezi edo? Zer da hori? Bale, eh! Alkateak eta kristoak! Ez digute bada kaka burutik behera egingo....!