Azpeitiko sokamuturreko irudi bat.

Azpeitiko karnabaletan izaten den sokamuturraz, eta animaliak errespetatu beharraz Oinatz Animalista elkartearen idatzia da honakoa:

Zergatik behar dugu Azpeitian sokamuturra? Nola iritsi gara egoera honetara? Festen programa ofizialean bi egunetan hamar ekitaldi animalien erabilpenean oinarrituta egotea nola uler liteke Zergatik ez dugu animali zehatz batzuen sufrimendua ikusten? (nahiz eta denen begibistan eta herriko festen programa barruan idatzita etorri).

Ohiturak, ohitzen gaituzte.

Zenbat eta gehiago jardun, are eta gehiago ohitzen, normalizatzen eta sustraitzen ditugu jarduerak. Nolabaiteko asimilazioa eta tolerantzia sortzen dira. Gaur egun, aho beteta jarduten dugu justiziaz, berdintasunaz eta parekidetasunaz. Gure umeak eta gazteak harreman osasuntsuetan hezi nahi ditugu; errespetuan oinarrituta.

Justizia, berdintasuna, parekidetasuna,.. nahiko termino erlatiboak dira, eta horiek lege eta arau batzuen bitartez erregulatzen ditugu. Enpatia, ordea, gizakiok dugun ahalmen eta gaitasuna da. Bestearen lekuan eta egoeran ipintzeko ahalmena, alegia. Prozesu hori ezinbestekoa da, beste pertsonen eta animalien egoera, sufrimendua, bizipenak..., beren osotasunean ikusteko, ulertzeko eta jasateko.

Beraz, landu dezagun enpatia: ipini dezagun soka bat gure lepoan. Utzi gaitezen kamioi batera derrigortuta sartzen. Bidaiatu dezagun auskalo zenbat kilometroan, etzaten edo esertzen uzten ez gaituzten soka motzei lotuta. Egon gaitezen kamioiaren barruan hainbeste zarata eta musika aguantatzen. Irten gaitezen (nahi eta nahi ez; bestela, akuiluaren legez) kamioitik, etxafuego izeneko bonba antzeko eztanda duen artefaktu baten leherketaren ondoren.

Orain, okerrena dator: nahiko ahulduta eta ikaratuta, eta matxoman piloa ditugu zain, gehienak mozkor-mozkor eginda, nork guri kolperik handiena eta gertukoena emango. Kalbarioaren bidearen parekoa ari zaigu bilakatzen ibilbidea, eta ezin askatu! Norbaitek erabakitzen du, nahiko denboran erabili eta sufritu arazi gaituela ,edo jada... ez dugula jokorik ematen, eta kamioira sartzen gaituzte berriro.

Beste eztanda baten ondoren, ezin lasaitu, eta gainera, nire ondoko beste zezen bat nola ateratzen duten (akuiluaren legez ) ikusi behar.

Azpeitia herri hezitzaile honetan, gure umeak, txikitatik ikasten dute (tolerantzia sortzen dute), atxilotuta eta inolako defentsatik gabe dauden animali batzuen kontura, disfrutatzen eta horien sufrimendua ez ikusten. Ez gaitzala harritu etorkizunean horiek beste bizidunen sufrimendua ez ikustea. Gu geuk landutako ondorioa izango baita.

Zer koloretako betaurrekoak ipini beharko ditugu karnabaletan animalien sufrimendua ikusteko?

Festak ospatu eta animaliak errespetatu! (Animaliak garelako).