Ekainaren 5a da gaur

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2017ko eka. 5a, 14:36

Amak esnatu ninduen oihu batez duela urtebete: "Eneritz, telefonoa!". Eta pentsatu nuen nor demontre ari ote zen igande goizez deika, gurasoen etxera. Buruko minez nintzen, bezperan hamasei orduko bidaia egin nuen hegazkinez, eta ez nekien seguru zer ordu zen ere. Hankak lurrean jartzerako oroitu nintzen… Ekainaren 5a da gaur, eta 08:30erako nengoen geldituta Maiterekin. Eta, hain zuzen, Maite zegoen telefonoaren beste aldean: "Hi… mugikorrera deitu dinat, etxera ere bai, eta azkenean, amarenera… non habil?". 09:30ak ziren ordurako. Buruko mina.

Hogei minutuan, dutxatu, jantzi, amari musua eman, eta plazara. Karrerako atetik irten orduko sumatzen zen egun berezia zela hura; eta buruko mina ere, pixkana, baina pasatu zitzaidan. Eguzkiak gogoz jotzen zuen, eta garbi-garbi zegoen zerua. Oraindik Euskal Herrian lur hartu gabe nengoen, eta huraxe zen, hain zuzen, gure etorkizuna erabakitzen hasteko eguna, momentua. Independentziaren inguruko herri galdeketa, Azpeitian. Horrenbeste lan-ordu, azalpen, bilera eta kaferen ostean, gure eguna; eta ni oraindik erdi munduko beste puntan, ironikoa.

Ni plazara joan nintzenerako, 300 boluntario inguru ari ziren lanean herriko plazan eta auzoetan: bozkalekuetan, muntaia lanetan, bazkaria prestatzen, gonbidatuei laguntzen, argibideak ematen, argazkiak ateratzen, kazetariekin hizketan… Eguerdirako ilara luzeak egin ziren bozkalekuetan. Gogoan dut espero ez nuen jendea ikusi nuela han, gutunazala eskuan hartuta, bere txandaren zain. "Zerbait handia egiten ari gara", pentsatu nuen. Datuetatik harago, horixe zen emaitza, herri guztiak eginiko lanaren emaitza.

Handik aurrera, nahaste-borraste bat izan zen dena. Hara, hona, bestearengana, mugikorra hiru aldiz kargatu, datuak, aurrerapena, prentsa, argazkiak, zalantzak, aplikazio informatikoa, azken orduko aldaketak, eta hori guztia behin eta berriz. Tartean-tartean, elkarri ematen genion bizkarreko edo musu bat, eta horrelaxe joan zen eguna.

20:00etan itxi ziren bozkalekuak, eta segituan izan genituen parte-hartze datuak. Sanagustineko atzeko mahaietan ikusten naiz, Laxarorekin, Maiterekin, Josurekin eta Xabirekin: "Zer esan behar dugu orain?". Pozik, baina urduri. Badakizue sabela eta bularraren artean nola sortzen den korapilo bat, arnasa nahi adina sakon hartzen uzten ez dizuna; ba, korapilo horrexerekin.

Ez da utopia bat

4.781 pertsona izan ginen protagonista duela urtebete, eta adierazi genuen geuk izan nahi dugula gure erabakien jabe, guk aukeratu nahi dugula, non, nola eta norekin bizi. Ez dugu beste batzuk hartutako erabakiei men eginez bizi nahi. Galdeketaren ostean, ez zen ezer bukatu, hasi egin zen. Ulertu genuen istorio hau ez dela utopia bat, historia egin dezakegula. Herritarrak batzeko ariketa bat izan zen joan den urteko hura, eta halaxe izan da aurten eskualdeko beste udalerrietan zein Euskal Herriko hainbat txokotan.

2016a aurretik, ordea, lan handia zegoen eginda. 2013an hasi zen lanean Gure Esku Dago. Azpeititik 1.600 pertsona izan ginen 2014an, Durango eta Iruñea arteko giza-katean; 1.800 atxikimendu lortu genituen 2015ean, oihalak josten hasi ginenean. 2016ko galdeketan zifra horiek bikoiztu eta pasatu genituen, eta hemendik aurrera gero eta gehiago izango gara hemen eta han, honek ez duelako atzera bueltarik, ikasten ari garelako elkarrekin lana egiten eta elkar errespetatzen.

Azpeitiarrek baietz esan genion independentziari, eta lanean jarraituko dugu herriaren hitza balioan jartzeko. Gure helburua garbia da, 3.000.000 biztanleko herri honetan etorkizuna adostasunez eta boto bidez erabakitzea. Bide horretan, datorren astean dugu hurrengo hitzordua, Bilbon. Erakutsiko dugu eskubide bat izateaz gain, gure nahia dela erabakitzea, adostasunez iritsi garela honaino eta lanean segituko dugula. Ez gara inoren zain egongo, gure esku dagoelako.