Txoria nuen maite

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2017ko mar. 23a, 17:44
Oier Aranzabal, Ane Bastida, Lander Arretxea eta Miren Gorrotxategi astearteko mahai-inguruan, Sanagustinen.

"Euskal Herrian kontsumitzen dena Espainian, Katalunian edo beste herrialde batzuetan kontsumitzen denaren antzekoa da: hori da gure arazoa". Dianaren erdi-erdian jota hasi zuen solasaldia Oier Aranzabal musikari, kazetari eta kultur kudeatzaileak asteartean, Sanagustin kulturgunean. Euskarazko kulturaren kontsumoaz eta erreferentzialtasunaz jardun zuten Aranzabalek, Lander Arretxea Hiru Damatxo ideien faktoriako kideak eta Ane Bastida musikariak, Miren Gorrotxategi idazlearen gidaritzapean.

Hutsuneak kezka eginda, baina baikor begiratu zioten etorkizunari hizlariek. Haien arabera, euskarazko kulturaren epe laburrerako erronkak dira bizirik irautea eta kontsumitzeko eredu berrietara egokitzea. Dena den, horretarako zorua ikusten dute, euskaraz dakiten pertsonak gero eta gehiago direlako.

Hala ere, badakigu, badakite, euskaraz jakite hutsak ez gaituela eramaten euskarazko kultura, aisia edota informazioa kontsumitzera. Ohitura horiek eskatzen dute beste lanketa bat, izen-abizen askotxoko soka. Horietako batzuk zerrendatzearren, honakoak aipatu zituzten parte-hartzaileek: erakundeak, tabernak, eskolak, etxea, dagoeneko bidea egin duten artistak eta, jakina, telebista eta irrati publikoa.

Euskarazko kultura balioan jartzeko gakoetako bat ere aipatu zuten: herritarrek ez dezatela kontsumitu liburu, disko edo antzerki-saio bat euskaraz delako; kontsumitu dezatela erakargarria delako, hunkigarria, eta, noski, izan dadila euskaraz. Arretxeak nabarmendu zuen kulturaren baliotik heldu behar zaiola euskarazko sorkuntzari, eta ez euskaratik: "Nik ez dut sortzen eta kontsumitzen euskaraz inongo hutsuneak betetzeko, euskalduna naizelako egiten dut".

Transmisioaren soka

Transmisioa ere izan zuten hizpide astearteko mahai-inguruan. Gorrotxategik galdetu zien ahozkotasunaz eta haren transmisioaz, belaunaldiz belaunaldi egon den etenaz. Haur kantak, ipuinak, bertsoak... etxeko sukaldean gurasoengandik seme-alabetara transmititzen zen horretaz. Kezka sortzen du ikusteak belaunaldien arteko soka hori hariak galtzen ari dela; izan ere, etxea leku ona da ohiturak eskuz esku pasatzeko. Bi hizlarik erantzun zioten kontuan izan behar dugula, gaur egun, euskaldunen gehien-gehienak ez direla euskaraz sortutakoak, etxean euskaraz edan dutenak. Izan ere, gehiago dira euskara bigarren hizkuntzatzat dutenak, bizitzako beste etapetan ezagutu eta bere egin dutenak.

Hala da. Hala da, eta haiei ez die eragiten horrenbeste transmisioaren galerak. Dena den, uste dut arreta berezia jarri behar diegula euskaldun zaharrei ere. Ere diot, nabarmendu nahi dudalako euskaldun berriak eta beste hizkuntza batzuetan sortu diren pertsonak garrantzitsuak direla guretzat, euskal komunitatearentzat. Baina euskaraz jaio diren pertsonek euskararen gainean eraiki dute beraien bizitza, euskaraz ikusten dute mundua eta euskaratik, euskaraz, dira. Euskara amaren bularretik edan dutenek jaso dute hizkuntzarekin batera euskararen mundu-ikuskera, izateko eta egoteko modu bat, konpromiso bat. Hizkuntza gerora jaso dutenek, aldiz, beste hizkuntza baten gainean eraiki dute nortasuna, eta ondoren hartu dute euskara, guztion mesedetan. Oso ondo azaltzen du hori Patxi Saezek aste honetan Uztarria.eus-en argitaratutako artikuluan.

Batzuetan badirudi gune euskaldunak, transmisioa eta egurrezko ohiturak zaintzeari garrantzia ematen diotenak atzera gelditu direla, erremediorik gabeko kontserbadoreak direla, beraien zilborrari begira bizi direnak. Badirudi euskara belaunaldiz belaunaldi eman eta jasotzea bermatu behar dela diotenek ez dituztela hartzen kontuan euskaldun berriak. Sentitu izan dute, sentitu izan dugu, hori. Ez dut esan nahi, inondik inora, asteartean hori sentitu genuenik, ez baitzen horrela izan.

Euskaraz egiten duten eta egin nahi duten guztiak ditugu beharrezko, baina euskaldun izate hori betidanik sentitzen dutenak zaintzea ere badagokigu. Badagokigu Gorrotxategik aipaturiko haur kanta, istorio eta bertsoak seme-alabei oparitzen dizkieten herritarrak zaintzea; nor garen, nola garen eta nolakoak garen konplexurik gabe sentitzen dutenak babestea, eta horiei bozgorailua jartzea.

Transmisioaren soka hori zaintzen ez dugulako, agian, Azpeitiko, Basauriko eta Madrilgo gazteen erreferenteak ez dira oso desberdinak. Eta, ziur aski, nerabeek, lehen aldiz maitemintzen direnean, ez dute abestuko burua galtzen hasi naiz, inor ez bezala maite zaitudalako; maitasun eza sentitzean, ez dute hitzez hitz sentituko maitia lehen baino lehen aska gaitezan; galduta daudenean ez dute pentsatuko eta horrela ibiltzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera edo lagun minei begiratuta ez zaie otuko zaindu maite duzun hori.

Eta nik... txoria nuen maite.