Besteen gu

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2015ko urr. 26a, 16:53

Nolakoak garen, nolakoak izan nahi genukeen, eta besteen begiek zer ikustea desio dugun. Hau esaten badut... 'batzuena' edo 'besteena' naiz; etxean ala kalean; lantokian, jolastokian, garagardo artean. Espainolekin, euskaldunekin, frantsesekin; eskuinekoekin, ezkerrekoekin edo ezerk axola ez dienekin. Ez dut pertsona bera izan nahi guztiekin. Ez gara gu, besteen gu baizik.

Anonimotasunean ere, ez gara gu, ordea. Izan nahi (ez) genukeena gara, besteek ikusi nahi dutena. Uztarria.eus-eko inkestetako emaitzek ikusarazi digute oso lasai ere ez garela bizi, agian, geure buruarekin. Zenbat liburu irakurtzen dituzu urtean?, galdetu zigun Uztarriak irailean. Antza, azpeitiar gehienek, %44 inguruk, urtean liburu bat eta sei artean irakurtzen dituzte; sei eta hamabi liburu artean irakurtzen dituztenak ia %26 dira, eta hamabi baino gehiago irakurtzen dituztenak ere ia %16. Hori bai, badira libururik irakurtzen ez dutenak ere, %13 pasatxo. Ingurura begiratu, eta denetik ikus badezakegu ere, ez ote duen askok 'politikoki zuzena' dena erantzun.

Halako beste batzuk ere baditut begiz jota. Uztarriak galdetu zigun beherapenetan erosketak egiten ote genituen, eta gehiengoak baiezkoa erantzun zuen: eskerrak... Hala ere, kontu egin, inkesta erantzun zutenen %88,10ak herriko dendetan egiten ditu erosketak; %3,37k Azpeititik kanpoko saltokietan. Beraz, Inditex etxekoak ez dira Uztarriako irakurleentzat oso gustukoak.

Gehien gustatzen zaidana honakoa da: Zer egunkari irakurtzen duzu?. %39,71k soilik irakurtzen du Azpeitian El Diario Vasco Vocentoren egunkaria, ABC-ren senidea. %29,19ak Berria irakurtzen omen, eta gainontzekoek Gara eta Noticias de Gipuzkoa. Kioskoan edo tabernetan galdetuko dugu?

Bi irakurketa daude. Anonimotasunean ere gezurra esateko joera dugu, benetan ito garelako besteen itxasoetan; besteen zer-pentsatua gure barru-ahotsa baino ozenagoa delako. Edo, bestea: Uztarria.eus-en erabiltzaileak benetan dira irakur-zaleak, azkarrak, euskaltzale kontzientziatuak, tokiko ekonomiarekin kezkatuak eta abar.

Isiltasunaren zurrunbiloa

Pertsonen jokabidea eta iritzi gaitasuna urteetan landu dute politikarien komunikazio kanpainen ideologoek. Elisabethe Noelle-Neumann politologo alemanak iritzi publikoaren inguruan idatzitako liburuan aurkeztu zuen Isiltasunaren zurrunbiloa-ren teoria. Hark proposatu zuen herritarrek iritzia mozorrotzen dutela jendaurrean, gehiengoak pentsatzen duenaren mesederako. 'Ona' edo 'txarra' zer den erabakiko du gehiengoak; eta horren aurka daudenak isilduko dira, bazterkeria ez pairatzeko, besteen begietan onargarriak izateko. Horrek lortzen du gehiengoak nagusi izatea, eta gutxiengoak isiltzea.

'Politikoki zuzena' dena egiten dugu Uztarria.eus-eko erabiltzaileok. Anonimotasunean, inoren mehatxurik gabe, bide hori aukeratu dugu. Agian, zerbait jakingo zuen Noelle-Neumannek azpeitiarrei buruz ere.

(Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau)