Etxean ere gaztelaniaz

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2013ko urr. 21a, 11:31

Zenbat azpeitiar joan dira azken aldian Loiolabideko Movistar dendara? Batekin eta bestarekin hitz eginda, eta guztiei gauza bera entzunda, uste dut herritarrok arazoa dugula saltoki horrekin; saltokiarekin baino, eskaintzen duten zerbitzuarekin.

Joan den astean lagun batekin sartu nintzen dendara: "Arratsalde on", esan zion lagunak. Dendariak bizi erantzun zion: "Hola". Agian ez da hain arraroa euskaldunok agurtzeko erdal hitz bat erabiltzea, beraz, euskaraz jarraitu zuen erosleak: "Mugikorra izorratu egin zitzaidan eta…". Oraingoan erantzuteko betarik eman gabe "En castellano, por favor", esan zion saltzaileak. Handik alde egiteko gogoa sartu zitzaigun, amorrua: bazirudien gu ginela haren ezjakintasunaren errudunak. Guk aldatu behar izan genuen hizkuntzaz, haren hutsa kontuan izan gabe: gu ginen arrotzak.

Hain zuzen, gauza bera gertatu zitzaion gure atzetik dendara sartu zen mutilari: euskaraz hasi, eta ezin jarraitu. Ezin informazioa euskaraz jaso. Ezin euskaraz erosi. Ezin euskaraz bizi.

Ez gara sartuko, berriro, euskaldunon hizkuntza eskubideekin. Ez dugu errepikatuko, berriro, guztion lana dela herrian kontzientzia zabaltzea eta horrelako erasoak salatzea. Hori guztia badakigu. Gaur Movistarreko saltzaile harekin oroitu naiz: eroso sentitzen al da bezero guztiak hizkuntzaz aldatzera behartuta? Ez al da ohartzen zein den herri honen errealitatea? Nik ezingo nuke, oraingoz bederen, Berlineko denda batean lan egin.