Tknikak 'Garapen jasangarrien helburuetan negozio aukerak aurkituz' egitasmoa aurkeztuko du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2023ko ots. 18a, 14:31

Saioan parte hartzeko aukera izango du gaian interesa duen eskualdeko enpresa orok. Izen ematea ondorengo estekaren bitartez edo 688 71 87 77 telefonora deituz egin daiteke (Alazne Larrañaga).

Martxoaren 1ean, 09:00etatik 13:30ra, garapen jasangarrien helburuekin lotutako negozio aukeren inguruko aurkezpen saioa egingo dute Tknikaren instalazioetan (Zamalbide auzoa z/g, 20100 Errenteria).

Ikerketa eta berrikuntza aplikatua ardatz dituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako sailburuordetzak bultzatutako zentroa da Tknika. Giza hazkunde jasangarriaren aldeko apustua egiten du, non gizartea, ingurumena, kultura eta ekonomia elkarri lotuta dauden. Jasangarritasuna enpresentzako aukera gisa ulertzen du. Enpresa baten estrategian eta negozio planetan irizpide berdeak sartzea beharrezkoa izanik, irizpide berde horiek hazkunderako eta lehiarako abantailak sortzen eta bultzatzen dituzte. Ildo horretan, SDG4BIZ proiektua lantzen ari dira Finlandia, Austria, Eslovakia, Turkia eta Italiako unibertsitate eta erakundeekin elkarlanean. Proiektuaren helburua online prestakuntza ikastaro bat diseinatzea eta gidatzea da, garapen jasangarrien helburuetan negozio aukerak ikusarazteko.

Ikastaroak bost modulu ditu, lehen modulu orokor bat eta negozio aukerak eremu espezifikoetan lantzen dituen beste lau modulu:

  1. Garapen jasangarrien helburuetan negozio aukerak antzematea.
  2. Negozio aukerak elikaduraren eta nekazaritzaren esparruan.
  3. Negozio aukerak hirien eremuan.
  4. Negozio aukerak energiaren eta materialen esparruan.
  5. Negozio aukerak osasunaren eta ongizatearen esparruan.

Martxoaren 1eko aurkezpen saioan parte hartzeko aukera izango du gaian interesa duen eskualdeko enpresa orok. Bertan proiektuaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte Tknikaren eskutik, eta IHOBE zein Adinberri Fundazioko ordezkariek ere parte hartuko dutelarik saioan.

Izen ematea ondorengo estekaren bitartez edo 688 71 87 77 telefonora deituz egin daiteke (Alazne Larrañaga).