Merkatariei zuzenduta, erretiroaren eta eskualdatzearen inguruko bi jardunaldi antolatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2018ko ira. 21a, 16:37

Erretiro nahiz eskualdatze gaietan interesa duten eskualdeko merkatari guztiek har dezakete parte jardunaldietan, merkataritza elkarteetako bazkide izan edo ez. Jardunaldietan parte hartzeko izena ematea gomendatzen dute antolatzaileek. Izen-ematea hilaren 25a baino lehen egin behar da.

Urola Erdiko Merkataritza Mahaiak, eskualdeko merkatariei bideratuta, erretiroa eta eskualdaketa gaia lantzeko jardunaldi informatiboak antolatu ditu.

Jardunaldi zikloa bi saiotan egituratuko da. Lehenbizikoa irailaren 27an egingo da Azpeitiko Sindikatu Zaharreko lehen solairuan 14:30etik 16:30era bitartean. Lehen saioak, merkatarien erretiroa izango du hizpide. Saioan zehar, erretiroa egoki kudeatzearen garrantzia aurkezteaz gain, kontutan hartu beharreko aldagai eta xehetasunak azalduko dira. Besteak beste, kotizazio urteak nahiz zenbatekoak izango dira hizpide.

Bigarren saioa, berriz, urria amaieran izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. Bigarren saio horretan, negozioen balorazioa nahiz horien eskualdatzean aintzat hartu beharreko xehetasunak aurkeztuko dituzte. Azken saio horren data zehatza, datozen asteetan zehaztuko dute antolatzaileek.

Gai horietan aditua den PKF Attest aholkularitza enpresako Eunate Llonarek eskainiko ditu bi jardunaldiak. Erretiro nahiz eskualdatze gaietan interesa duten eskualdeko merkatari guztiek har dezakete parte jardunaldietan, merkataritza elkarteetako bazkide izan edo ez.

Jardunaldietan parte hartzeko izena ematea gomendatzen dute antolatzaileek. Izen-ematea hilaren 25a baino lehen egin behar da, honako pertsona hauekin harremanetan jarrita. 

  • Azpeitia: Xabier Aldalur; bertan.azpeitia@gmail.com; 688 823 944
  • Azkoitia: Sara Rodriguez; herrixen@hotmail.com; 608 313 024
  • Zestoa: Juanjo Allur; jjallur@siadeco.eus; 678 085 387

Urola Erdiko Merkataritza Mahaia

Azkoitiko Udala, Azpeitiko Udala, Zestoako Udala, Dendartean - Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen bilkura-, Herrixen –Azkoitiko Merkatarien Elkartea-, Bertan –Azpeitiko Merkatarien Elkartea, Zestoan –Zestoako Merkatarien Elkartea- eta Iraurgi Berritzenek –Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia- osatzen dute eskualdeko merkataritza mahaia.

Gune horrek, eragile kideen artean lankidetza proiektuak garatuz, eskualdeko merkataritza txikia sustatzea du helburu, eta azken hilabeteetan hainbat ekimen jarri ditu abian. Besteak beste, eskualdeko kontsumo ohiturak ezagutzea helburu zuen MerkaUrola azterketa edota eskualdeko merkataritza sustatzeko abian jarri zen sentsibilizazio kanpaina.

Antolatu berri diren jardunaldien bitartez, egun eskualdeko merkataritzan identifikatu diren bi behar ezberdini eman nahi zaio erantzuna. Batetik, lehen saioaren bitartez, eskualdeko merkatarien adina gero eta nagusiagoa den honetan hauen erretiroa egoki kudeatzeko argibideak eskaini nahi dira. Bestetik berriz, bigarren jardunaldiak, merkataritza establezimendu ezberdinen eskualdatze prozesuen inguruko xehetasunak argitzea du helburu.