Ekintzaileei zuzendutako Klink proiektua, martxan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2018ko mar. 23a, 12:22

Proiektuaren xedea da Urola Erdiko ekintzaileen beharrak modu kolektiboan lantzea eta asetzea. Joan zen martxoaren 14an egin zuten aurreneko topaketa eskualdeko zenbait ekintzailek. Elkar ezagutzeko eta hausnarketak abiatzeko aprobetxatu zuten hitzordua. 

Abian da Klink, Urola Erdiko ekintzailetasuna sustatzeko topagunea. Urkomek eta Iraurgi Berritzenek eskualdeko 19 ekintzaileekin batera sortutako proiektua da Klink, eta bere helburua da ekintzaileen beharrak modu kolektiboan lantzea eta asetzea. Izan ere, ekintzaileen beharretatik abiatuta eta denetariko ekintzak eginda, ekintzailetzarako eskualde erakargarri bat sortzea nahi dute sustatzaileek. Horretarako, martxan jarriko dituzte ekintzaileei zuzendutako jarduerak, prestakuntza saioak eta zerbitzuak. 

Joan zen martxoaren 14an egin zuten aurreneko topaketa eskualdeko zenbait ekintzailek. Elkar ezagutzeko eta hausnarketak abiatzeko aprobetxatu zuten hitzordua. Hori ez ezik, egitasmoaren sustatzaileek klink.eus ataria aurkeztu zieten proiektuan parte hartzen ari diren lagunei.

Klink atariak hiru atal nagusi ditu: Klink Bide, Klink Atari eta Klink Gune. Klink Bide atalean aurki daitezke ekintzaileei lan mundurako ibilbidean laguntzeko bideratuta dauden ekintzak; Klink Atarin ekintzaileei ikusgarritasuna ematea helburu duten ekintzen informazioa jasoko dute eta Klink Gunen talde izaera duten ekintzen berri emango dute. Egitasmoaren webgunea ekintzaileekin eta ekintzaileentzat sortuta dagoela azpimarratu dute sustatzaileek.  

Hilaren 14koa aurreneko topagunea izan zen, baina datozen hilabeteetan berri gehiago emango dutela aurreratu dute Klink egitasmoaren sustatzaileek.